Eraso matxistei aurre egiteko arreta zerbitzua egongo da Ondarroako jaietan
Emakumeen Kontseiluak eta Berdintasun sailak elkarlanean jarriko dute martxan, abuztuaren 13tik 17ra.
Urtero bezala, aurten ere Ondarroako Emakumen Kontseiluak eta Berdintasun sailak eraso matxisten aurkako protokoloa jarri dute martxan. 2019an protokoloa lehenengoz martxan jarri aurretik lanketa bat egin zuten, Emaginekin batera Ondarroako Udalak eta herriko hainbat eragilek. Adierazi dute protokoloak hiru atal dituela: prebentzioa, esku hartzea eta erantzun sozial bateratua egotea.
Prebentzioaren barruan, Udaleko berdintasun saileko Naiara Burgoak azaldu du, aurretik aipatutako lanketez gain, jaien aurretik bai txosnaguneko kideekin eta baita tabernari eta herriko beste hainbat eragilerekin ere (aurtengo kasuan: Danak Etxea!, Kresala Kultur Elkartea, PlazagaƱi eta Txosna Batzordea) lan saio bat egiten dutela, protokoloa zertan datzan azaltzeko, ze zerbitzu emango dituzten azaltzeko eta denen arteko adostasunetara iristeko.
Aurten guztira hamar tabernak hartu dute eraso matxistarik gabeko jaien aldeko konpromiso aktiboa: Anaitasuna, Arrantzale, Alai, Beikozini, Boga-Boga, Idoia, Noya, Sokoa, Txanpa eta Koxkorra tabernek. Burgoak azpimarratu duenez herriko taberna guztiei egiten zaie protokoloan parte hartzeko deia, eta aurtengoan “oso pozik” daude: “Aurtengo Zapato Azulean Noya tabernak bakarrik parte hartu zuen, eta hilabeteren buruan parte hartzea askoz handiagoa izan da”.
Horrez gain, prebentzioarekin lotuta, abuztuaren 11n elkarretaratzea egingo dute eta zapi moreak eta pegatinak banatuko dituzte, 19:30ean, Alamedan, Andrabanda Feministarekin, indarkeria matxistarik gabeko jaien alde: “Herrian erasorik ez dugula onartzen adierazi nahi dugu, ez jaietan eta ezta hortik kanpora ere”. Nabarmendu dute, elkarretaratzera jendea joatea garrantzitsua dela: “Jaien aurretik egingo dugun aldarrikapena izango da, argi uzteko herritarrok ez dugula eraso matxistarik onartzen. Horrez gain, helburuetako bat herritarren artean kontzientzia sortzea ere bada”.
Gainera, abuztuaren 13an eta 16an puntu moreak jarriko dituzte Emaginen eskutik, 19:00etatik 22:00etara, Musika Plazan eta Alde Zaharrean, hurrenez hurren.
Protokoloaren bigarren zatia esku hartzea denez geroztik, horri erantzuteko arreta zerbitzua jarriko dute. Arreta zerbitzua martxan egongo da jaietako egun guztietan, abuztuaren 13an hasi eta 17raino, 20:00etatik 08:00etara. Orain arte arreta zerbitzuan profesional bat egoten zen, erasoen eta emakumeen indarkeriaren aurkako aditua, eta harrera telefonikoa zen. Aurten aldiz, Ondarroako Udalak eskaintzarik zabalena kontratatu du: “Apustu handia egin dugu eta aurrekontuaren zati handi bat bertan utzi dugu, jaietako arreta zerbitzuan, baina uste dugu horrela izan behar dela. Aurten, profesional bakarra egon beharrean, bi egongo dira”.
Beraz, aurten bi aditu egongo dira deiak nahiz Whatsapp bidezko mezuak erantzuten 688 772 772 zenbakian. Horrez gain, Etxelilara (Artibai, 3) ere joan daiteke laguntza behar duen edonor. Gainera, bidelaguna behar izanez gero ere, deitu eta zerbitzua eskatu daiteke.
Erasoen aurrean jokatzeko aholkuak. Burgoak adierazi du, garrantzitsuena erasotuari nola dagoen eta ea laguntzarik nahi duen galdetzea dela. Laguntza nahiko balu, arreta zerbitzura deitzea komeni da, bertatik bidelaguna eta beharrezko laguntza guztia bideratuko litzatekeelako. Horrez gain, protokoloa aktibatu nahi duen edo ez galdetzea ere komeni da. Protokoloa aktibatzeko eskatuz gero, tabernetatik eta txosnagunetik musika kenduko litzateke, argiak piztu, zerbitzatzeari utzi, eta mezu bat jarriko litzateke bozgorailuetatik, erasotzaile bat dagoela eta eraso bat eman dela adieraziz: “Garrantzitsuena erasotuari arreta ematea da, beti ere bere konfidentzialtasuna eta intimitatea mantenduz. Harrera egin, laguntza eskaini eta bere erabakia errespetatuz”.
Aurrera begira. Jaietako protokoloaren helburuetako bat “denen kontzientziak aktibatzea” eta “matxismoa hemen dagoela ikustaraztea” dela azpimarratu du Burgoak: “Erasoak jasaten ditugu, eta horren aurka gaude. Ez dugu onartuko ezer”. Arreta zerbitzua jaietan soilik jarri duten arren, urte guztirako protokolo bat sortzen dabiltza udaleko langileak, herriko eragileak eta herritarrak: “Matxismoa ez da soilik jaietako kontua, hementxe dago, jendartean daukagu egunero, eta horren kontra borrokatuko dugu”.