San Loretzo eguna ate joka
Bihar ospatuko dituzte San Lorentzo jaiak Aulestiko Zubero auzoan eta Berriatuko Asterrika auzoan.
San Lorentzo jaiak ospatuko dituzte bihar Berriatuko Asterrika auzoan, eta baita Aulestiko Zubero auzoan ere. Batean zein bestean, ez da aspertzeko astirik egongo.
Asterrikan 11:30ean hasiko dute eguna, txistularien kalejiragaz. Jarraian, 12:00etan, meza egongo da. Antolatzaileek aipatu dute goizean jende nagusi ugari etortzen dela mezara, eta arratsaldean aldiz, ume, famili eta guraso asko joaten direla bertara. Mezaren ostean, Izarra eta Gorka trikitilariak giroa alaituz hasiko dira, eta ez dute etenik egiteko astirik izango. Meza bukatuaz batera, IkurriƱaren igoera egingo dute, aurreskuagaz. Gainera, Zerutxu Dantza Taldeak emanaldia eskainiko du. Dantzen ostean, herri kirolekin gozatzeko aukera egongo da. Karmele eta Jon Gisasola mallabiarrak, Mikel Agirre ondarrutarra eta Aritz Irazabal ugaotarra arituko dira, eta hizlari lanetan aldiz, Marije Ituarte.
Goizeko ekintzen eta bazkari eder baten ostean, herri kirolak egingo dituzte berriro ere, 16:30ean, baina oraingoan parte hartzaileak izango dira, ume gazte nahiz familientzat. Aukea paregabea edukiko dute bertaratzen direnek herri kirolak probatzeko. Ostean, aurtengo berrikuntzetako bat egongo da. Antolatzaileek aipatu dute aurten bolatokia egin dutela, eta beraz, Bizkaiko bolo txapelketako saioa egingo dute bertan. Horrez gain, ordu berean, Elepunto DJa arituko da musika jartzen, eta umeek txokolatada eder bategaz gozatu ahalko dute.
19:00etan bertso saioa egongo da plazan. Antolatzaileek adierazi dutenez, jende asko etortzen da ingurutik, batzuk espreski bertso saiora: “Berriatuatik eta Ondarroatik batez ere, baina baita Markina-Xemein, Mendexa eta inguruetatik ere”. Aurtengoan, Uxue Alberdi eta Onintza Enbeita arituko dira bertsotan. Egunagaz amaitzeko, Elepunto DJa arituko da berriro ere musika jartzen.
Aulestiko Zubero auzoan, Asterrikan bezala, eguna 12:00etan hasiko dute, mezagaz. Jarraian, txapel jaurtiketa egingo dute, eta hainbat sari irabazteko aukera egongo da: 1. saria: 40 euro; 2. saria: 30 euro; 3. saria: 20 euro. Bazkalostean, 17:00etan, inguruetatik nahi beste jende mugiarazten duten mus eta briska txapelketak egingo dituzte. 36. aldia da mus txapelketa antolatu dutena, eta hainbat sari banatuko dituzte: 1. saria: 200 euro eta txapela; 2. saria: 100 euro; 3. saria: 75 euro; 4. saria: 50 euro. Mus txapelketan bezala, briska txapelketan ere lau sari banatuko dituzte: 1. saria: 90 euro eta txapelak; 2. saria: 60 euro; 3. saria: 40 euro; 4. saria: 30 euro. Batean zein bestean jokatu ahal izateko izena eman behar da 16:45 baino lehenago. Mus txapelketako izen ematea 15 euro bikoteko izango da, eta briska txapelketakoa aldiz, 10 euro bikoteko.
Kartetan abilak direnak jokoan dabiltzan bitartean, 17:30ean umeen jolasak egingo dituzte, eta ondoren, txokolatea egongo da denentzat. Azkenik, egunagaz ezin hobeto eta ezin alaiago amaitzeko, Mirari eta Aintzane trikitilariak egongo dira.
Bertaratzen direnek badakite zertara doazen, eta badakite “giro ona” egongo dela: “Jendea beti animatzen da, iaz oso erantzun ona eduki genuen”. Auzotarren artean antolatutako jaiak dira bai Zubero auzokoak, eta baita Asterrikakoak ere: “Jaien aurretik lana dago antolatzen, eta baita ostean ere. Hurrengo egunean dena jaso eta desmontatu behar da, baina taldetxoa batzen gara eta pozik gaud”, adierazi dute Asterrikako antolatzaileek.