Eguzkiak gogoz jo du San Lorentzo egunean
Berriatuko Asterrika auzoan eta Aulestiko Zuberon ari dira San Lorentzo eguna ospatzen.
Eguzki galdatan, baina pozik hasi dute Berriatuko Asterrika auzoko bizilagunek San Loretzo eguna, eta baita Aulestiko Zubero auzokoek ere, mezaren osteko txapel jaurtiketagaz. Asterrikan, 11:30ean Idoia Lekerikabeaskoa, Kati Melendez eta Jasone Akizu txistulariak aritu dira auzoa girotzen. 12:00etan meza entzun ostean, auzoko guztiak plazan elkartu dira, Ikurriñaren igoera eta aurreskua ikusteko. Txalo artean igo dute Ikurriña, eta halaxe sartu dira plazara Markina-Xemeingo Zerutxu Dantza Taldeko gazte eta umeak ere. Lea-Artibai eta inguruetako herri askotan ari dira dantza emanaldiak ematen, eta Asterrikakoa ere ez da gutxiagorako izan. Ume, gazte, heldu nahiz nagusiak liluratuta egon dira dantzak ikusten. Ostean, herri kirolak egin dituzte. Aizkoran aritu dira Mikel Agirre ondarrutarra eta Aitor Irazabal ugaotarra, jendearen txalo eta animo artean, eta harri jasotzen egin dute Karmele eta Jon Gisasola mallabiarrek.Â
Oraindik ere, arratsalde guztiko egitaraua dute aurretik asterrikarrek. Herri kirol parte hartzaileak, Bizkaiko bolo txapelketako saioa, bertso saioa eta Elepunto DJa izango dira arratsaldeko protagonistak. Zuberon ere, ez da aspertzeko astirik egongo, izan ere, arratsaldea mus eta briska txapelketagaz hasiko dute, eta aldi berean umeen jolasak ere egingo dituzte. Ostean txokolatea egongo da denentzat, eta gauean, 22:00etan Mirari eta Aintzaneren eskutik erromeriagaz gozatu ahalko da.