40 urte jantoki herrikoian lanean
Aurten ere, beste urte batez, Plazagaineko jantokitik ehundaka lagun pasako dira Ondarroako Andra Mari jaietan.
Jantoki herrikoia da Ondarroako Plazagainean herritarrek antolatzen dutena, eta antolatzaileek diotenez “jaiak pasatzeko beste modu bat” da.
Aurtengoan ere, hamaika izango dira bertan laguntzen aritu direnak, eta zer esanik ez bertan jatorduak egingo dituztenak. Egunero bi jatordu eramaten dituzte aurrera, eta guztira, egun bakoitzean, 120 lagun inguru behar izaten dira. Aipatu dutenez, Arrantzale Egunekoa izaten da jendetsuena. Gainera, urtero bezala, aurten ere gauez irekita egongo da, abuztuaren 14an, 15ean eta 16an.
1983an lehen aldiz martxan jarri zenetik, Herri Batasunaren ekimenez, muntatze eta desmuntatze lan asko egin dituzte antolakuntza taldekoek, eta baita inguruan batzen diren militante boluntarioek ere. Oraindik ere, laguntzeko asmotan dabilenak, badauka aukera. Bihar [abuztuak 12] garbitasun lanak egin behar dituzte, 09:00etatik aurrera. Horrez gain, edozein txandatan ere lagundu dezake, eta abuztuaren 19an desmuntatze lanak egingo dituzte: “Herritarren babesa sumatzen dugu, eta ezinbestekoa da guretzat. 40 urtetara heltzeko ezinbestekoa izan da herritarren babesa. Urte guzti hauetan errelebo asko egon dira, eta ziur gaude aurrerantzean ere egongo direla”.
Abuztuaren 14an, Amnistia Egunean, presoen aldeko bazkaria egiten dute, eta oraindik bazkarirako tiketik ez duenak, Alai eta Anaitasuna tabernetan erosi ahalko ditu, gutxi batzuk geratzen dira eta.
Herri ekimenez hainbat ekintza eramaten dira aurrera Ondarroako Andra Mari jaietan, eta Plazagaineko antolatzaileek diotenez Ondarroa “herri bizia” da: “Herrigintza eta Ondarroa eskutik helduta doazen mugimendua da. Guztiak animatzen ditugu Plazagainetik pasatzera. Gora Ondarroa, gora Plazagain eta gora herria!”.