Artisau azoka eta merkatu txikia egongo dira bihar Mutrikun
Artisau azoka eta merkatu txikia egongo da bihar [abuztuak 11], Mutrikuko Goiko eta Beheko Plazetan, 09:00etatik 14:00etara. Herriko ekoizleez gain, inguruetako artisau eta sortzaileak ere bertan egongo dira. “Giro polita egongo da bai Goiko zein Beheko Plazan, eguraldia ere ona egingo du eta etortzen denak aukera asko aurkituko du egongo diren postuetan”.
Mutrikuko Udalak eta Eixu Artisau Elkarteak antolatu dute azoka. Denetarik egongo da bertan, gastronomia produktuez gain, baita beste mota batekoak ere: “Etortzen denak artisau azokan eskuz egindako lanak aurkituko ditu: belarritakoak, eraztunak, kamistak, boltsak, karterak, egurrez egindako otarrak… aukera ugari egongo da postu guztien artean”.
Antolatzaileek adierazi dute, merkatu txikia martxan jarri zutenean “zerbait gehiago” behar zutela bultzada emateko. Horregatik, batzuetan gastronomia ekintzak egiten dituzte eta berdel errea eskaintzen dute, besteak beste. Horretaz gain, beste mota bateko ekintzak ere egiten dituzte, eta hori da biharko artisau azoka: “Helburua herrian jendea mugitzea da. Merkatu txikian herriko ekoizleei lagunduz, herriko produktuak erosi bitartean. Paraleloki, artisau azokarentzako ere erakusleiho ona izan daiteke, beraien produktuak saltzeko”.
Bost izango dira bertan egongo diren herriko ekoizleak, eta Beheko Plazan egongo dira: Zortziko, Ekoalboraz, Goienetxe, Amaia Aberasturi eta Eskune.
Artisau eta sortzaileak aldiz, 14 egongo dira, Goiko Plazan:
- Brotes Verdes
- Kosta Itsas Egurrak
- Nudame
- Artea Soinean
- Sara Sendabelarrak
- Monica Alonso ilustrazioak
- Kenika
- Parared.a
- Joyas de Julio
- Aretxederra
- N de Noa
- Impossible Black
- Txus Gurutzeta
- Artizar