Inma Laka: "Etxean jaso dut herrigintzan aritzeko gogoa"
Inma Laka izango da aurtengo Ondarroako Andra Mari jaietako omendua, herrian egindako lan guztia eskertzeko.
Ondarroako kaleetan zehar kresal usaina nabaritzen da. Herriaren bizitasuna ere sentitu daiteke, edozein txokotan. Lekeitiora joateko kostako bidea hasi aurretik, badira hainbat etxe, begirada itsasorantz dutenak. Horietako batean bizi da Inma Laka, herriko hainbat kontutan bere aletxoa jartzen aritu dena urte luzez.
Bere etxera sartzearekin batera, kanpotik datorren kresal usainak eta bere etxeko goxotasunak bat egiten dute. Azkenengo solairutik, Ondarroako portua, Arrigorri eta Saturraran hondartzak, eta herriaren zati bat ikusten dira. Lakak herria ikusten duen bezala ikusten du herriak bera.
Herrigintzan lan asko egindakoa, laguntza non behar zen, han egon da Laka beti esku bat botatzeko prest. “Bizitzak eramanda” iritsi da horietako lan asko egitera, baina ez lituzke edonork egingo. Bihotza behar da, eta baita gogoa ere, herriari lagundu eta garairik gogorrenetan ere hor egoteko. Ondarroako Historia Zaleak elkarteko kidea da, baita Artelanekoa ere, Zubi Zahar Herri ikastolako lehendakari izandakoa eta batzordeko kidea urte luzez eta herriko ekintza kultural askoren atzean egon den puzleko ezinbesteko pieza. Horregatik, egindako lan guztia eskertzeko, bera izango da aurtengo Andra Mari jaietako omendua.
Herriko ekintzetan parte hartzeko gogoa etxetik datorkiola dio. Ama arrain saltzailea zuen, eta aita aldiz, arrantzalea: “Nituen irakasle guztiak faxistak ziren, baita irakaslerik onena ere. Entziklopedia moduko batean zegoen ikasi behar genuen guztia, eta historia erakusteko momentua iristen zenean, esaten ziguten Gernika gorriek bonbardeatu zutela. Gu etxera joaten ginen hori esanaz, eta etxean gezurra zela esaten ziguten”. Dantzaria ere bazen bere aita, eta Lizarrako Estatutua sinatu zenean bertara joan behar izan zuen. Ondarroatik autobus batean joan ziren bertara, eta itzuleran, erreketeak autobusari harrika hasi ziren: “Gu pixkanaka joan ginen etxean horrelako kontuak jakiten, eta hortik datorkit gogoa, etxean jaso dut herrigintzan aritzeko gogoa”.
Historia asko ikusi dute bere begiek, eta baita sentitu ere. Bost urte inguru zituela, lehengusinarekin joaten zen Saturrarango kartzelara, eta garai haietan txikia izan arren, bizitzak “alde batetik bestera” eraman du Laka, eta Mutrikuko eta Ondarroako historiazaleek bat egin ostean kartzelako hainbat kontu ikertzen aritu izan dira. Lan guztiaren adierazgarri da emakume eta ume guztien izenak batu eta Saturraranen jarrita dagoen plaka.
Saturraranerako paseoak tarteko, gaztetxoa zela, aitaren antzera, dantzan aritzen zen Laka Silberio Beristainegaz: “Ontziolan egiten zuen lana, hiru ume zituen, eta dantzetako material guztia ohe azpian edukitzen zuen ezkutatuta. Lokal asko erabili genituen ensaiatzeko, tartean eliza ere bai, mojetan, Aurrera Futbol Taldearen lokalean… Diktadura garaiak ziren, eta zurkuluak aurkitu behar izaten genituen aurrera egiteko”. Urteak pasa ostean, garai haietan Beristainegaz ibiltzen ziren batzuk batu, eta herriko etxeetan gordeta zeuden argazki zaharrak batzea erabaki zuten. Hala, herritar askoren argazkiak eskuratu zituzten, eta liburu bat argitaratu zuten, historia guztia bilduz.
Dantzan egiten, beste hainbat lokalen artean, Antzosolon ikasi zuten garaiko umeek: “Antzosolo izan zen abertzaleen habia, gauza guztietarako”. Ikastola ere, bertan sortu zuten lehenengoz: “Ondarroan elizak ez zuen tokirik utzi ikastola egiteko, eta ezta herriak ere. Antzosoloko lurrak berez Berriatukoak zirenez, bertan sortu zuten ikastola, Berriatuko baimenagaz”. Hala ere, ikastola egin aurretik euskaraz irakasteko saiakerak egin zituzten hainbat herritarrek, Laka tarteko: “Mojen eskolan dena gaztelaniaz ikasten zuten gure umeek, eta guraso batzuk elkartu ginen euskaraz egiteko eskatzeko. Ez genuen lortu, baina bazeuden irakasle ondarroar batzuk, eta horiek batzuetan sartzen zituzten euskarazko kontu batzuk”.
Ordura arte Laka etxeko lanak egiten aritu izan zen, baina seme-alabak ikastolan ikasten hasi zirenean, halabeharrak bultzatuta, ikastolako lehen emakume lehendakaria izateko izendatu zuten. Antzosoloz gain, beste hainbat tokitan ere egon izan da ikastola: “Antzosolotik Artabidera mugitu ginenean, ikastolako hainbat kontu legeztatzen hasi ginen. Horietako batean, apaiz bat etorri zen, katekesia emateko asmoz, baina guk, asanblada baten ostean, ezetz erabaki genuen. Ikastola ez genuen inoren azpian hazi, eta ez genuen horrelakorik onartu. Guraso bakoitza askea zen umeak ikastolan edo elizaren eskolan hezteko erabakia hartzeko”. Ikastola Artabiden egon zenean ere, hainbat kontu bizi izandakoa da Laka: “Bandera Espainola zela eta ez zela, ikastola ixteko mehatxua egin ziguten, eta denbora batez bandera jarri behar izan genuen”.
Egindako ekintza guztiekin asko gogoratzen dela dio Lakak, eta egiten zituzten kontu asko kendu egiten bazizkieten ere, aurrera jarraitu zuten: “Ezin da herrian gauzarik egin, norbere aldetik zati handi bat jarri gabe. Eta ostean, askotan kanpotik etorri eta dena moztu izan digute. Hala ere, bidelagun asko izan ditut bidean, eta gauza asko ikasi ditut, baita isilik egoten ere”.
Urteak aurrera doaz, eta garaiak aldatuz joan dira. Lakaren esanetan, gaur egungo gazteak “gizartearen ondorioa” dira: “Guk ezagutu dugunik ez dute ezagutu. Baina hala ere, orain ere aritzen dira gazteak herrian laguntzen, beraien erara, baina asko egiten dute”. Azpimarratu du, jaietako antolakuntzaren eta muntaiaren zati handi bat beraien eskuetan egongo dela, Plazagainekoa kasu: “Pentsaezina zen gaur egun oraindik ere aurrera egin zezakeela. Gazteak gureak ere badira, baina abestiak dioen moduan, hegoak ebakiz gero ez dira txoriak izango”.
Azalean historia, begietan Ondarroarekiko eta herritarrekiko maitasun agorrezina eta odolean herrigintza. Ahoan aldiz, esker hitzak baino ez: “Ondarroak eskerrak ematen badizkit, nik Ondarroari ematen dizkiot. Hementxe hazi naiz, eta naizen bezalakoa herriak egin nau. Nirekin gogoratzea asko estimatzen dut, baina ni naiz eskerrak eman behar dizkiona herriari, neu horrelakoxea egin nauelako. Garai haietan guk ez genuen ezer, baina pozik bizi ginen herrian”.
Lakak dio eskumako eskuak ez duela ezkerrekoak egiten duena jakin behar, baina bi eskuek elkarlanean egindako lanak ez dituzte Ondarroako herritarrek egun batetik bestera ahaztuko.