Amnistia Egunagaz hasi dituzte andramariak Ondarroan
Gaurkoaz gain, beste hiru egun dituzte aurretik ondarroarrek. Mamarrazoki Artisau Azokan 19 postu egon dira, eta Plazagaineko herri bazkarian 400 pertsona inguruk bazkaldu dute.
Asteburuan Txintxirrika Eguna eta Gazte Eguna izan diren arren, gaur [abuztuak 14] hasi dituzte ofizialki jaiak Ondarroan. Goiza lasai hasi dute, egunero egongo den herriko txistularien kalejiragaz. Ostean, 15:00ak arte Mamarrazoki Artisau Azoka egon da Musika Plazan, eta aukera paregabea izan da bertan zeuden hemeretzi postuak ikusi eta eskuz egindako zerbait erosi ahal izateko: koadroak, kamisetak, posterrak, belarritakoak, pultserak, boltsak…
Eguerdi inguruan ostera, Alde Zaharretik hasita manifestazioa egin dute, “Askatasuna!” lelopean. Etxean falta dituzten preso, iheslari eta deportatu politikoak oraindik ere geratzen direla aldarrikatu dute, urratsak ematen ari direla adierazi duten arren: “Kideak etxean behar ditugu, gurekin, kartzelara edo erbestera eraman zituzten arrazoi horiengatik borrokatuz denok batera aurrera egiteko, eta amesten dugu Euskal Herri independente, sozialista, feminista, euskaldun eta ekologista eraikitzeko denon artean”. Jendetza elkartu da manifestazioan, eta Alamedan eman diote amaiera.
Manifestazioaren ostean inguruko lagun eta familikoekin egon, eta 14:30ean herri bazkaria egin dute, PlazagaƱin. Guztira 400 pertsona inguru elkartu dira bertan bazkaltzeko asmoz. Boluntarioei esker, bazkari ezin hobea egin dute herritarrek.
Eguna oraindik luzea da ondarroarrentzat. 18:00etan merienda egingo dute Musika Plazan, eta jarraian showa egongo da herriko artisten eskutik. Kafeko Atzean, egunero bezala, erromeria egongo da. Gaurkoan 19:00etatik 23:00etara Luhartz taldearen musikagaz gozatzeko aukera egongo da. 20:00etan Falcons de Villafranca taldea Zaldupetik hasi, eta kalerik kale ibiliko da. Ostean, herritar gehien batzen den ekintza egongo da: Kortxeleko Mamuen jaitsiera, ikurrinaren igoera, eta kalejira. Ume eta ez hain umeek Leokadi ikusiko dute berriro ere, urtebeteko itxaronaldiaren ostean.