Kanporaketak gero eta gertuago
Ondarroa bederatzigarren eta zortzigarren sailkatu da eta Lekittarra, aldiz, hamaikagarren bai Boiron eta baita Moañan ere.
Galizian jokatu dituzte asteburuko Eusko Label eta Euskotren ligak, zapatuan Moañan eta domekan Boiron. Moañan lehenengo txandan jokatu zuen Ondarroak eta bigarrenean Lekeitiok. Ondarroa lehia estuan ibili zen santurtziarrekin. Hiru ziabogak ehuneko gutxiren aldearekin egin zituzten bi taldeek, eta Ondarroak bigarren postua lortu zuen, 20.14,86ko denboragaz. Hirugarren postuan geratu zen Santurtzi, 30 ehunekoren aldeagaz. Lehenengo txandako onena Kaiku izan zen, 20.08,40ko denboragaz, eta azkena, berriz, Samertolameu.
Lekittarra bigarren txandako azkena izan zen, 20.17,60ko denboragaz. Lehenengo ziabogan 4 segundoren barruan sartu ziren Lekittarra, Getaria eta Cabo da Cruz, eta baita bigarren ziabogan ere. Hirugarrenean, ehuneko batzuen aldean sartu ziren hiru taldeak, baina aurreko marken ondorioz, Lekittarra laugarren postuan geratu zen, 20.17,60ko denboragaz. Hirugarren, 3 segundo eta 38 ehunekoren aldeagaz Getaria geratu zen. Bigarren Cabo da Cruz eta lehenengo postuan Orio, 19.58,52ko denbora eginaz.
Hirugarren txandako onena Zierbena izan zen,19.39,68ko denboragaz. Atzetik geratu ziren Hondarribia, Bermeo Urdaibai eta Donostiarra, hurrenez hurren. Ondorioz, hirugarren txandakoak izan ziren irabazleak, txandan geratu ziren postu berdinetan. Bosgarrena Orio izan zen, Zierbenak baino 18 segundo eta 84 ehuneko gehiagogaz. Atzetik Cabo eta Kaiku geratu ziren, 7 eta 6 puntu lortuz. Gutxigatik, baina Ondarroa bederatzigarren geratu zen, eta Getaria zortzigarren, ondarroarrek baino segundo bat eta 36 ehuneko gutxiago egin zutelako. Santurtziarrek hamargarren postua lortu zuten, eta lekeitiarren aurretik. Ia irabazleak baino minutu bat gehiagoko denboragaz Samertolameu geratu zen azken postuan, puntu bat eskuratuz.
Iñaki Errasti Ondarroako Arraun Taldeko entrenatzailea pozik dago lortutako emaitzekin: “Balorazio oso ona egiten dugu. Zapatuan ezin izan genuen lehen txanda irabazi baina amaieraraino borrokatu genuen. Kaiku baino sei segundo inguru gehiago egin genituen, baina bi egunetan lortu dugu Santurtzia eta Samertolameu atzetik uztea, eta hori zen helburua. Galiziara joan ginenean 16 puntuko abantaila geneukan, eta galizitik bueltan 18 puntuko abantaila, horrek lasaitasun handia ematen digu”.
Eusko Label Ligako bigarren estropada eguna domeka izan zen, eta Boiron ibili ziren arraunean. Bai Ondarroak eta baita Lekittarrak ere lehenengo txandan jokatu zuten. Ondarroak lortu zuen txandako garaipena, 19.59,40ko denboragaz. Atzetik, lau segundo eta 68 ehuneko gehiagogaz, Santurtzi iritsi zen. Lekittarrak, aldiz, Ondarroak baino hamasei segundo eta 64 ehuneko gehiago behar izan zituen, 20.16,04ko denboragaz. Txandako azkena Samertolameu izan zen.
Bigarren txandan Cabok, Oriok, Kaikuk eta Getariak jokatu zuten, eta onena Cabo izan zen, 19.33,36ko denbora egin baitzuen. Atzetik, lau segundo eta 94 ehuneko gehiagogaz Orio geratu zen. Hirugarren txandako eta Boiroko estropadetako irabazlea Zierbena izan zen, 19.30,92ko denboragaz. Estropadetako bigarren postuan Cabo geratu zen, bi segundo eta 44 ehuneko gehiagogaz. Ondarroa zortzigarren geratu zen, Zierbenak baino 28 segundo eta 48 ehuneko gehiago egin ostean. Lekittarra, aldiz, hamaikagarren postuan geratu zen, eta bi puntu eskuratu zituen.
Sailkapen orokorra. Play-offa gero eta gertuago, sailkapen orokorreko lehen hiru postuetan Bermeo Urdaibai, 140 puntugaz, Hondarribia, 137 puntugaz eta Zierbena 136 puntugaz daude. 32 puntu gutxiagogaz Donostiarra dago laugarren postuan. Atzetik Orio, Cabo da Cruz eta Getaria daude, 95, 81 eta 76 puntugaz, hurrenez hurren. Zortzigarren postuan Lekittarra dago, 65 puntugaz, eta ez oso urruti, bost puntu gutxiagogaz, Kaiku dute atzetik. Kaiku baino zazpi puntu gutxiagogaz Ondarroa dago hamargarren postuan, 53 puntugaz. Azken bi postuetan aldiz, Ondarroa baino 18 puntu gutxiagogaz santurtziarrak daude eta 27 puntugaz Samertolameu.
Euskotren Liga ere zapatuan jokatu zen Moañan, eta Orio izan zen irabazlea, 10.49,40ko denbora eginda. Atzetik, bi segundo eta 24 ehuneko gehiagoko denboragaz, Donostia Arraun Lagunak geratu zen. Boiron jokatu zuten asteburuko bigarren estropada, eta Nortindal Donostiarrak irabazi zuen, 10.24,08ko denboragaz. Atzetik Donostia Arraun Lagunak geratu zen, hiru segundo eta 24 ehuneko gehiago egin ostean. Sailkapen orokorrean donostiarrak dira lehenengoak, 80 puntugaz eta atzetik Orio dute, 74 puntugaz.
Ondarroako ETE ligako neskek seigarren postua lortu zuten zapatuan Pasaian jokatu zuten estropadan, 11.28,88ko denbora egin ostean. Atzean utzi zituzten Hernani eta Portugalete. Aurretik aldiz, zapatuko estropadako irabazlea Kaiku izan zen, 10.53,09ko denboragaz. Bigarren postua zarauztarrek irabazi zuten, Kaikuk baino lau segundo inguru gehiagogaz. Sailkapen orokorrean, Pasaian hiru puntu lortu ostean, seigarren daude Ondarroako neskak, 30 puntugaz. Zazpi puntu gutxiagogaz Hernani dago zazpigarren postuan. Hamasei puntu gehiagogaz, aldiz, Astillero dute aurretik. Lehenengo postuan Kaiku dago, 75 puntu eskuratuta, eta bigarren postuan aldiz, zumaiarrak daude, bost puntu gutxiagogaz.
KAE-2 Ligako bi taldeek ere estropada izan dute asteburuan. Lehen taldekoak Pasaian aritu ziren arraunean, eta Sanpedrotarrak irabazi zuen. Bigarren taldekoak, aldiz, Errenterian aritu ziren. Mutriku seigarren postuan geratu zen, 21.29,67ko denbora egin ostean. Lehen postuan Orio geratu zen, 20.52,39ko denboragaz. Sailkapen orokorrean azken postuan dago Mutriku, 15 puntugaz. Aurretik San Juan dago, bi puntu gehiagogaz. Lehen postuan aldiz, Orio dago, guztira 61 puntu eskuratu ostean.
Estropada garrantzitsuak datoz hurrengo asteetan. Eusko Label eta Euskotren ligetako hurrengo bi estropadak Zarautzen jokatuko dira, abuztuaren 19an eta abuztuaren 20an. ETE eta KAE-2 ligak ere Zarautzen jokatuko dira, abuztuaren 19an. 20an, aldiz, Bilbon.