Euriak ez du erraldoien eta buruhandien kalejira eten
Goizean Mutrikuko Musika Bandaren kontzertua egon da, eta arratsaldean esku pilota partidak, beste hainbat ekintzen artean. Egunagaz amaitzeko su artifizialak eta dantza emanaldia egongo dira.
Egun handia da gaur [abuztuak 15] ondarroarrentzat, Andra Mari Eguna, hain zuzen ere. Egunero bezala, herriko txistulariek eman diete hasiera egunari, kalejira eginaz herriko kaleetan zehar. Umeek ere badute beraien txokoa gaur, umeentzako parkea egon baita bai goizean, eta baita arratsaldean ere. Urtero bezala, aurten ere aurreskua dantzatu diete herriari, Itsasaurre Plazan, Mutrikuko Musika Bandaren kontzertuaren aurretik. Giroa bero, jendea Itsasaurreko karparen inguruan batzen hasi da 12:30ak aldera. Karpa goraino beteta, 300 pertsonatik gora elkartu dira bertan, eserita nahiz zutik.
Ibai Pastor debarraren gidaritzapean, bost abestigaz gozatzeko aukera eduki dute ikusentzuleek. Abesti guztiek jaso dute txalo zaparrada, baina jo duten azken abestiak zirrara berezia eragin du herritarrengan, besteak beste, abesti herrikoien pasarteak ere jo dituztelako.”Jubilatuta gaude eta ohitura da guretzat Mutrikuko Musika Banda entzutera etortzea”, adierazi du kontzertuan egon den herritar batek.
Beraz, belarriak goxo, bazkaltzera joan dira herritar guztiak. Arratsaldeko ekintzak frontoian egin dituzten pilota partidekin hasi dira. Euria dela eta, ezin izan dituzte azken bi partidak jokatu. Hala ere, aurretik pilota saio ederra eskaini dute pilotari gazteenek.
Aldi berean, umeentzako parkea egon da, 20:00ak arte, eta ume nahiz gurasoek gustura pasa dute arratsaldea. 19:00etan Artelanen erraldoiak eta buruhandiak atera dira kaleetan zehar kale animazioa eginez, Dunbots txarangarekin. Umeak irrikitan egon dira erraldoiek eskua noiz emango zain, eta euria egin duen arren, kalejirak aurrera jarraitu du. Erraldoi eta buruhandiak hasi diren momentu berean, egunero bezala, erromeria hasi da Kafeko Atzean. Gaurkoan Gauargi taldea arituko da 23:00ak arte plaza girotzen, eta gustura hartu dute herritarrek.
Egunagaz amaitzeko, su artifizialak egongo dira 23:00etan, Piroteknia Valcearen eskutik. Ostean, Itsasaurre Plazan dantza emanaldia egongo da, Dantzarteren eta LaSalaren eskutik. Bi ikuskizun eskainiko dituzte: Female eta Lauesku. Ezin hobeto amaituko dute eguna ondarroarrek, baina biharko ere indar pixka bat gorde beharko dute, Kuadrilla Eguna izango baita.