Oholtza erraldoia bihurtu da Ondarroa
Herriko kuadrillak musika taldeetaz mozorrotu dira. Gaur gauean J Martina eta Merina Grisen kontzertua egongo da Itsasaurre Plazan.
Goizean goiz hasi dira gaur [abuztuak 16] Kuadrilla Eguna ospatzen ondarroarrak. 09:00etan hasi da Musika Plazako txosnen marmitako lehiaketa, eta 10:00etan Arranondo Kultur Elkartearena. Batzuk buru-belarri lanean, beste batzuk, aldiz, ahal izan dutenagaz laguntzen. Euria egiteko arriskua egon denez, Arranondo Kultur Elkartearen marmitako lehiaketa Alamedan egin beharrean Itsasaurre Plazan egin dute. Musika Plazakoak ere aterpean babestu dira, eta lagun artean alai ibili dira marmitakoak prestatzen. Arranondo Kultur Elkarteko kide batek adierazi du, aurten 26 talde aurkeztu direla: “Beti kontuan edukitzen dugu mutilak eta neskek parte hartzea, eta baita talde berriek ere parte hartzea. Aurten lau talde daude lehenengoz apuntatu direnak”
Batzuk marmitakoak prestatzeaz amaitzen zeuden bitartean, beste batzuk Alde Zaharreko bertso saioa ikustera joan dira. Hala ere, Alde Zaharrean izan beharrean Kofradia Zaharreko bigarren soilaruan egin behar izan dute, euriarengatik. Punta-puntako bertsolariak aritu dira bertsotan: Amets Arzallus, Jone Uria eta Oihana Iguaran. Gai-jartzailea Iñaki Lersundi izan da.Â
Bertso saioa amaitzear zegoela, 13:30ean Zaldupeko zubitik Bonberenea Txarangak oraindik ere lo zeudenak esnatu eta giro aparta jarri dute herriko kaleetan zehar. Alde Zaharreko jendeagaz elkartu, eta Kafeko Atzerantz joan dira guztiak. Ondarroa gaur oholtza erraldoia bihurtu da, kuadrillak mozorrotzeko gaia musika taldeak izan baita. Denetariko mozorroak egon dira: The Beatles, Hemendik At, Kiss, Camela, rockeroak…
Txarangaren ostean, herritarrek ez dute aspertzeko denbora askorik eduki, izan ere, 15:00etan elkartu dira Kafeko Atzean kuadrillen arteko bazkaria egiteko. Gaurko bazkarian 250 pertsonatik gora elkartu dira.
12:00etatik 14:30era umeentzako parkea egon da Zaldupeko aterpean, eta arratsaldean ere hala egongo da, 17:30etik 20:00etara. Horrez gain, egun luzea dute oraindik ondarroarrek, izan ere, 18:00etan herri kirolak egongo dira frontoian, Mutriku Sokatira Taldearen eskutik. Egunero bezala, erromeria egongo da Kafeko Atzean, gaurkoan Laiotz erromeria taldeak girotuko du plaza, 18:30etik 22:30era. 19:00etatik 22:00etara puntu morea egongo da Alde Zaharrean, Ondarroako emakumeen Udal Berdintasun Kontseiluaren eskutik.
Guzti hau gutxi balitz, musikagaz gozatzeko aukera ere ezin hobea izango da. 19:30ean Alde Zaharrean kale diskoteka egongo da, Elepunto DJagaz, eta 23:00etan J Martina eta Merina Gris taldeen kontzertua, Itsasaurre Plazan. Ondoren, eta egun borobil honekin amaitzeko, Musika Plazan playbacka eta jolasak egongo dira, Musika Plazako txosnen eskutik.
Bihar izango da Andra Mari Jaietako azken eguna, Arrantzale Eguna, hain zuzen ere, eta egun osoko egitarau oparoagaz gozatu ahalko dute herritarrek, nahiz kanpotik etortzen den edonork.