Mahonezko alkandora urdinez bete da Ondarroa
Gaur [abuztuak 17] Arrantzale Eguna ospatu dute Ondarroan. Kortxeleko mamuen igoeragaz batera amaituko dira aurtengo Andra Mari Jaiak.
Ondarroako kaleak urdinez tindatu dira gaur [abuztuak 17], Arrantzale Egunagaz batera. Askorentzat egun hau izango da bereziena, eta zalantzarik gabe xarma berezia duen eguna da.
Egunero bezala, eguna herriko txistulariek hasi dute. Ostean, 12:00etan, erraldoiak ibili dira kaleetan zehar, Artelanen eskutik. Jende ugari elkartu da erraldoien atzetik, Hala Gera dultzaineroen doinuak entzunaz batera. Geldialdia egin dute Itsasaurre Plazan, eta umeek erraldoiekin argazkiak ateratzeko aprobetxatu dute momentua, batzuek beldur apur bategaz eta beste batzuek, aldiz, liluratuta.
Jarraian, Kresala Kultur Elkartearen eskutik Atako Banda dantza egin dute, herriko marinelei eskainia. Ikurriña astinduaz batera, txalo zaparrada jaso dute dantzariek. Egun hontan askorentzako ohitura den bezala, marmitakoa eta atun errea bazkaldu dute, lagunartean nahiz familiartean. Bazkalostean, herritarrek ez dute urrutira joateko astirik eduki, 17:30ean Bentazaharreko Neska-Mutiko Alaiak musikari eta abeslariekin kantuan aritu baitira Kofradia Zaharraren aurrean eta Itsasaurren. Ezin gogotsuago abestu dituzte kantuak ondarroarrek, 18:00etan kukaña hasi aurretik. Kukaña gainean aurrera eta atzera ibili dira ausartenak, eta parte hartzea inoizko handiena izan da: guztira 27 lagunek parte hartu dute, horietako bakarra emakumea. Sei aldiz partaide guztiak kukañatik pasa ostean, galtzerdiak jantzi dituzte partaideek, eta halaxe eraman du Ikurriña Ander Martinez Zarragak.
Tokitik mugitu gabe, oihal eta trapezio ikuskizuna egon da ostean Zubi Zaharrean, Artaka Elkartearen eskutik. Harriduraz ikusi dute ikuskizuna herritarrek, eta sekulako txalo zaparradagaz amaitu dute. Egunero bezala, erromeria egon da Kafeko Atzean, gaurkoan herriko Kresala Kultur Elkartearen eskutik. Ondoren, Elepunto DJa egongo da musika jartzen.
Inoiz amaitzen ez den eguna izatea nahiko lukete askok, baina hasiera guztiek amaiera bat daukatenez, 23:20an Kortxeleko Mamuen kalejira egongo da kaleetan zehar, eta 23:45ean Leokadi kortxelera itzuliko da, hurrengo urteko Andra Mariak iritsi arte. Ostean, zezensuzkoa irtengo da Musika Plazatik eta jaietako azken kontzertuak egongo dira Itsasaurre Plazan eta Musika Plazan. Itsasaurren erromeria egongo da Oxabi taldeagaz, eta Musika Plazan, aldiz, Tribade eta Karaio taldeen kontzertuak.