1000 ikusle aurtengo Itxas Soinua musikaldian
43. urtea izan da aurtengo Itxas Soinua musikaldiarena, eta antolatzaileek balorazio “oso ona” egin dute. Bost egunetan bost kontzertugaz gozatzeko aukera egon da, eta guztira 1000 ikusle batu ditu musikaldiak: “Batez ere Bilboko Orkestra Sinfonikoan eta Itsasoa Laino Dago ikuskizunean elkartu da ikusle gehien”.
Musikaldia urterokoa izan den arren, berritzailea ere izan dela aipatu dute antolatzaileek. Aurtengoan, musika klasikoa alde batera utzi gabe, baina “indar handia” hartu du folkloreak, Harribitxi eta Sarrabete taldeen kontzertuekin. Gainera, ikusleak zarrabetea musika tresnagaz “harrituta” geratu dira: “Bitxia eta polita da bere soinua eta jotzeko modua. Gainera, jakin dugu Lekeitioko basilikaen kanpoaldean musika tresna honen irudia dagoela”.
Estilo desberdinekin gozatzeko aukera egon da aurtengo musikaldian, eta antolatzaileek “denetariko gustuak asetu” dutenaren sentsazioagaz geratu dira: “Musika klasikoa gustuko dutenak guztiz txundituta geratu ziren Bilboko Orkestra Sinfonikoagaz eta Magna Boskoteagaz. Dantza eta antzerkia maite dutenek Itsasoa Laino Dago proiektuagaz gozatu dute, eta euskal folklorearen maitaleek zutik txaloka amaitu zituzten Harribitxi eta Sarrabete taldeen kontzertuetan”.
Omenaldia. Horrez gain, aurten azken urtea izan da orain arte antolakuntzan aritu den Martin Ibarrolazarentzat, eta omenaldi bat egin zieten musikaldiaren lehenengo egunean “urte guzti hauetako lana eskertu eta merezitako agurra emateko”. Itxas Soinua Abesbatzan aritutako neska talde batek bi abesti eskaini zizkioten Ibarrolazari: “Oso momentu hunkigarria izan zen, festibala belaunaldi berrirako prest dago!”. Antolakuntzako kideek eskerrak eman nahi dizkie antolatzen eta laguntzen ibili diren guztiei.