Hiru aurpegi berri egongo dira Lekeitio Master Seriesean
Bihar [abuztuak 19] finalerdiak jokatuko dituzte Santi Brouard pilotalekuan, eta abuztuaren 26an izango dira bi finalak.
Lekeitio Master Serieseko finalerdiak jokatuko dira bihar [abuztuak 19] Santi Brouard pilotalekuan. Ohiko aurpegiez gain, hiru aurpegi berri egongo dira Master Series honetan. Alde batetik, Johan Sorozabal biarriztarra egongo da, Gernikako Master Seriesean finalista izan zena. Bestalde, Laduche getariarra ere egongo da, Iparraldeko denboraldian emaitza onak lortu ostean. Azkenik, Gorka Mugartegi “Atain” markinarrak jokatuko du, uztailean Markina-Xemeingo Grand Slamean debutatu ostean. Goikoetxeak eta Lekerikak jokatuko dute Laduche eta Atainen aurka, eta Erkiagak eta Del Riok, berriz, Johan eta Lopezen aurka.
Finalerdiaren osteko zapatuan, abuztuaren 26an, final handia jokatuko dute bihar sailkatzea lortzen duten pilotariek. Bai biharko partida eta baita abuztuaren 26koa ere 19:00etan hasiko dira, eta sarrerak www.eramanjaialai.com webgunean eskuratu daitezke
Horrez gain, IƱaki Osa Goikoetxearen agurra izango da Lekeitioko Master Seriesekoa. Jokatzen ari den hau azken denboraldia da zumaiarrarentzat, eta Lekeition egongo da bera azken aldiz ikusteko aukera, Unai Lekerika atzelariagaz. Lekerikak eta Goikoetxeak aurretik Mexikon jokatu zen Munduko Kopa irabazi zuten, eta ordutik ez dute berriro elkarrekin jokatu. Lekerikarentzat “plazer handia” da berriro ere Goikoetxeagaz jokatzea. Eskumagaz asko jokatzen du Lekerikak, eta bere ustetan “frontoi egokia” da beretzat: “Mutrikuko frontoian bezala, pilota oso abiadura azkarrean etortzen da, itzela da abiadura”. Uda hasieran hiru aste inguru geldik egon behar izan zuen osasun arazoengatik, eta berriro ere martxan jarri zenean minik ez zuen arren, indar “nahikoa” ez zuela nabaritzen zuen: “Hortik aurrera postura aldatzen hasi naiz, eta sorbalda kargatzen zait orain. Hobeto nago baina ez guztiz ondo”.
Goikoetxeak ere Lekerika eta bera “oso ondo” moldatzen direla aipatu du: “Badakigu norberaren rola zein den, eta bakoitzak bere pilotak hartzen ditu. Badakigu gutxi gorabehera bestea non dagoen kokatuta”. Bere maila onena eman nahi du Lekeition, jokoa emanez. Partidua iristen denean presioa ere iristen dela adierazi du, baina orokorrean udako balorazio ona egiten duela.
Atainek partida gutxi jokatu izan ditu Lekeition, baina frontoiari “neurria hartzen” ahaleginduko dela aipatu dut, eta ahal duena egingo duela: “Nortzuk jokatuko duten jakinda, irabazteko ahalegina egingo dut, baina batez ere esperientzia bizi nahi dut, eta partidagaz gozatu”. Laduchekin aurretik jokatuta dauka Atainek, Daniako partida batean, eta horrek lasaitasuna ematen dio: “Uste dut Laduchen jokatzeko modua egokia dela frontoi honetarako, nerbio handikoa delako”.
Bestalde, Erkiagarentzat ere berezia izango da Santi Brouard pilotalekura itzultzea, izan ere, bertako eskolatik irtendako pilotaria da, eta garaipena lortu nahi du etxean. Julen Del Riogaz batera, Gernikako Grand Slama irabazi zuen. Del Riok aitortu du Iparraldean sartzea “sorpresa” izan zela, eta oso gustura ibili dela: “Erritmo honetan sartzea ez da erraza izan, partida batzuk irabazi ditut eta beste batzuk galdu, baina gustura”. Gernikako frontoia hegoaldeko garrantzitsuena da, eta Grand Slameko lehenengo partidan urduri jokatu zuela aipatu du, eta ondorioz, gauzak ez zirela ondo atera: “Erkiagak lasaitasun eta konfidantza asko eman zidan, eta asko hitz egin genuen zer egin eta zer ez egin. Beragaz jokatzea oso polita da, eta asko ikasi dut”.