Leire Aranburuk irabazi du Aulestiko IV. Argazki Rallya
Laugarren aldiz, Aulestiko Argazki Rallya egin zuten pasaden abuztuaren 5ean, eta jakinarazi dute jada irabazlea. Guztira hamabi bilduma aurkeztu ziren, eta parte hartzaileetatik hamar emakumeak izan dira eta bi gizonezkoak. Gai orokorra “herri bizia” izan zen, eta azpi-gaiak, berriz: barrea, laztana, bizitza, ondarea, urdina eta jolasa. Horietatik guztiak edo batzuk aurkeztu zitezkeen, baina guztiak lantzea kontuan hartu zuten. Aulestiko Kultur Batzordeko kideek osatu zuten epaimahaia, eta argazki onena eta argazki bilduma onena saritu zituzten. Bi sariak Leire Aranburuk irabazi zituen, eta Ainhoa janari dendan erabiltzeko 50 euroko bonoa irabazi zuen.