Azken urteetako andramari jendetsuenak
Egunik jendetsuenak Kuadrilla Eguna eta Arrantzale Eguna izan dira.
Ondarroako Udalak jaien balorazio positiboa egin du. Jai “oso ederrak” eta “jendetsuak” izan direla azpimarratu dute: “Azken urteetako jendetsuenak izan direla esango genuke, batez ere Kuadrilla Eguna eta Arrantzale Eguna”. Ekintza jendetsuenen artean tanborrada dago, aurten aurreikuspen guztiak gainditu ditu, eta Leokadiren kalejiran ere jende asko elkartu zen, “azken urteetako gehien”. Arrantzale Egunean ere jende asko ibili zen, eta txosnagune bietan nahiz Plazagainean ikusi ahal izan zen
Horrez gain, eraso matxisten aurkako zerbitzuan ez da inolako salaketarik jaso, ez aurrez aurreko zerbitzuan eta ezta telefono bidezkoan ere, baina nabarmendu dute horrek ez duela esan nahi “erasorik egon ez denik”. Aurrerago egingo dute balorazio sakonagoa bai jai batzordeko kideek eta baita jaietan inplikatuta egon diren sail desberdinek ere: udaltzaingoak, udaleko sail desberdinetako zinegotziak… Eraso matxistarik salatu ez bazen ere, txosnagunetik hainbat pertsona kanporatuak izan ziren, intentsitate baxuko jarrera matxistak edukitzeagatik.
Udaltzaingoan 24 orduz egon dira lanean, eta ez da inzidentzia handirik jaso: “Ez dute intentsitate altuko kezka edo salaketarik jaso”.
Bestalde, euriak eragina izan du jaietan. Su artifizialak, esaterako, bertan behera geratu behar izan ziren Andra Mari Egun arratsaldean egin zuen euriaren eraginez, ezin zelako segurtasuna bermatu. Horrez gain, hurrengo eguneko marmitako lehiaketa Alamedan egin beharrean, Itsasaurreko karpan egin behar izan zuten, euriaren aurreikuspenagatik. Hala ere, jaien “oso balorazio positiboa” egiten du Ondarroako udalak, eta “oso pozik” daude, eguraldiaren eraginaz gain: “Orain, prest gaude bai herritarren eta herriko talde eta eragileen iritziak jasotzeko, datorren urteko Andra Mari Jaiei begira zer hobetzea komeni den aztertzeko”.