Bermeo Urdaibai, Eusko Label Ligako liderra
Lekittarra zortzigarren eta seigarren, eta Ondarroa hamaikagarren eta bederatzigarren sailkatu dira Zarauzko estropadetan.
Asteburuko estropadak Zarautzen eta Bilbon jokatu dira. Zarauzko Ikurriñaren lehenengo jornadan Ondarroak lehenengo txandan jokatu zuen. Lehia estuan ibili zen Samertolameugaz, ziaboga guztietan ehuneko gutxi batzurengatik atzetik, baina ondarroarrek azkenengo esfortzua egin behar zutenean Samertolameu aurreratu zitzaien. Ondorioz, Samertomau bigarren geratu zen eta Ondarroa hirugarren, 21:29,16ko denbora eginez. Txandako onena Santurtzi izan zen, 21:16,36ko denboragaz, eta azkena, berriz, Kaiku.
Lekittarrak bigarren txandan jokatu zuen, eta laugarren postua eskuratu zuen, 21:11.08ko denboragaz. Orio gailendu zen ziaboga guztietan, eta Getariak, bigarren sailkatuak, baino 29 segundo eta 46 ehuneko azkarrago bukatu zituen lanak.
Bai hirugarren txandan, eta baita Zarauzko estropadetako lehenengo jornadan ere, Bermeo Urdaibai gailendu zen, 20:12,14ko denboragaz. Zierbenari lanak okertu zitzaizkion, eta txandako azkena eta sailkapenean bosgarrena geratu zen, 26 segundo eta 32 ehuneko gehiago eginaz. Lekittarrak bost puntu eskuratu zituen, eta zortzigarren postua lortu zuen, 21:11,08ko denboragaz. Atzetik Santurtzi eta Samertolameu geratu ziren, eta hamaikagarren postuan, Ondarroa, 21:29,16ko markagaz. Ondarroa baino 2 segundo inguru gehiago behar izan zituen Kaikuk.
Zarauzko Ikurriñaren bigarren jornada, aldiz, domeka eguerdian jokatu zen. Ondarroak lehenengo txandan jokatu zuen, eta lehenengo ziabogan Samertolameu aurreratu bazitzaien ere, hurrengo bi ziabogetan Ondarroa gailendu zen. Ondorioz, txandako onenak izan ziren, 20:50,97ko denboragaz.
Bigarren txanda Zierbenak irabazi zuen, zapatukoa baino estropada hobeagoagaz. 20 segundo baino gehiagoko aldea atera zion bigarrenari, Getariari. Lekittarra ziaboga guztietan Getariaren atzetik ibili zen, eta hirugarren geratu bazen ere, Getaria baino ehuneko gutxi batzuk gehiago soilik egin zituen.
Domekako estropadan ere, Bermeo Urdaibai izan zen garailea, 19:58,56ko denboragaz. Atzetik Zierbenak jarraitu zion, 6 segundo eta 36 ehuneko gehiagogaz. Lekittarrak seigarren postua lortu zuen, 20:27.74ko denbora eginaz, Urdaibaik baino 29 segundo eta 18 ehuneko gehiago. Atzetik Cabo eta Orio geratu ziren, eta bederatzigarren postuan Ondarroa, 20:50,97ko denbora egin ostean.
Osertz Alday lekeitiarren entrenatzaileak adierazi du asteburuaren balorazio positiboa egiten duela: “Orokorrean asteburu polita egin dugu, eta emaitzak hor daude. Igandean txukunago ibili ginen, baina biak izan ziren baliozko estropadak”. Galizian nola ibili ziren ikusita, gustura daude egindako lanagaz: “Orain Getariako eta Ondarroako estropadetan pentsatzen ari gara. Uste dut bidea estropadaz estropada sentsazio positibo eta onak bilatzea dela”.
Gauzak horrela, sailkapen orokorreko burua Bermeo Urdaibai da, azken bi garaipen hauek gehitu ostean, 164 puntugaz. 9 puntu gutxiagogaz, Zierbena eta Hondarribia daude bigarren, biak 155 puntugaz. Lekeitiarrek zortzigarren postua mantendu dute, 77 puntugaz, eta ondarroarrek, aldiz, hamargarrena 59gaz.
Euskotren Ligako neskek ere Zarautzen jokatu dituzte asteburuko bi estropadak. Lehenengo jornadan Orio eta Arraun Lagunak lehia estuan ibili ziren, baina azkenerako Arraun Lagunakek aurrea hartu eta 11:07,22ko denboragaz amaitu zituen lanak. Atzetik Orio geratu zen, 11:13,44ko denbora egin ostean, eta hirugarren Donostiarra, 11:14,96ko denboragaz.
Bigarren jornadan, aldiz, 5 minuto eta 37 segundo behar izan zituzten bai Hondarribiak, eta baita Donostiarrak eta Arraun Lagunakek ere, baina Donostiarrak aurrea hartu zuen, 10:45,96ko denboragaz lanak amaituta. Eusko Tren Ligako sailkapen orokorreko burua Arraun Lagunak da, 95 puntugaz. Atzetik ditu Orio eta Donostiarra, 86 eta 79 puntugaz, hurrenez hurren.
ETE Liga ere Zarautzen jokatu zen zapatuan, eta ondarroarrek ezustekoa eman zuten, bosgarren postua lortuz, 11:31,36ko denboragaz. Garaipena, aldiz, zumaiarrek eskuratu zuten, 11:05,72ko denbora egin ostean. Domekan, berriz, Bilbon jokatu zen ETE Ligako estropada, eta Zarautz gailendu zen, 10:59,75eko denbora eginaz. Atzetik geratu zen Zumaikao Telmo Deun, 11:01,98ko denboragaz. Ondarroak zazpigarren postua eskuratu zuen, 11:37,54ko marka eginaz. Sailkapen orokorrean, Kaiku da burua, 88 puntugaz, eta atzetik jarraika Zumaia dauka 85egaz. Zarautz, aldiz, Bilbon 8 puntu eskuratu ostean, hirugarren postuan dago, 69 puntugaz. Ondarroarrek seigarren postua mantentzen dute, 36 puntugaz.
Eneko Azkarate Ondarroako nesken entrenatzaileak aipatu du asteburua “irregularra” izan dela, estropada guztien antzera. Zarautzen “oso ondo” aritu zirela azpimarratu du, baina Bilbon ez hain ondo: “Gure arraunketarengatik itsasoa hobeto ematen zaigu. Zarautzen hori aprobetxatzen jakin genuen, eta estropada ona egin genuen. Errekan, sufritu egin genuen”.
KAE-2 mailako 2.taldearen estropadak Bilbon jokatu ziren, domekan. Orio izan zen garailea, 20:54,23ko denboragaz, eta atzetik, lehian ibili ziren Donostiarra eta Portugalete sailkatu ziren, ehuneko gutxiren barruan. Mutrikuk bosgarren postua lortu zuen, 21:32,67ko denboragaz. Sailkapen orokorrean 18 puntugaz azken postuan jarraitzen badu ere, San Juanengana hurreratzen doa pixkanaka, eta puntu bateko aldea soilik dute. Lehenengo postuan Oriok jarraitzen du, 68 puntugaz.