Lehenengo partida Goikoetxeak eta Lekerikak irabazi zuten, berdinketa haustearen ostean. Bigarren partida aldiz, Erkiagak eta Del Riok, bi setak eskuratuz. Finala zapatuan [abuztuak 26] jokatuko da.
Urteko bigarren Master Serieseko finalerdiak jokatu ziren zapatuan [abuztuak 19] Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan. Lehenengo partidan Ludovic Laduche getariarra eta Gorka Mugartegi “Atain” markinarra aritu ziren, Goikoetxearen eta Lekerikaren aurka. Atain eta Laduche kolore urdina defendatuz, “galtzeko ezer gutxigaz” atera ziren kantxara, eta Goikoetxea eta Lekerikari “kosta egin zitzaien” partidua irabaztea. Lehenengo seta urdinek irabazi zuten, 14-15. Set guztian aurretik joan ziren urdinak, eta 14-14 gorriek berdintzea lortu zuten arren, azken tantoa Laduchek egin zuen.
Bigarren seta, aldiz, gorriek irabazi zuten, 15-13. Urdinak aurretik hasi baziren ere, “Goikoetxeak arrankatu egin zuen kantxan”, eta nagusi izatea lortu zuten. 7na eta 8na berdindu ostean, abiadura hartu eta 12-8 aurreratu ziren gorriak. Laduchek egindako tanto batzuei esker, urdinak 14-13 hurbildu ziren. Gorri eta urdin bakoitza set banagaz, berdinketa haustea jokatu zuten 5 tantotara, eta Goikoetxea eta Lekerika nagusitu ziren, tanto guztiak eskuratuz.
Bigarren partidan Erkiagak eta Del Riok jokatu zuten Johan eta Lopezen aurka. Zazpigarren eta zortzigarren tantoetan berdinketa lortu arren, Erkiaga eta Del Rio aurretik ibili ziren lehen setean, eta 15-9 irabazi zuten gorriek. Bigarren setean ere, aurretik hasi ziren gorriak. Urdinek 12-10 urbiltzea lortu bazuten ere, 15-11 amaitu zen partida, Erkiaga eta Del Rio txapeldun.
Erkiagak adierazi du “uste baino hobeto” joan zela zapatuko partida: “Johan eta Lopezek oso bikote ona egiten dute, baina Lekeitioko frontoia berezia da. Koadroak laburragoak dira sakea ateratzeko, pilota biziagaz jokatzen da espektakulua egoteko eta tantoa indarragaz egiten da. Horrek guri lagundu egin zigun eta pozik geratu gara garaipenagaz, baina jakinda besteak ez zirela eroso egon”.
Erkiaga eta Del Rio, zapatuan. Argazkia: Eraman!
Gauzak horrela,
zapatuan [abuztuak 26] jokatuko dute
finala Erkiagak eta Del Riok, Goikoetxearen eta Lekerikaren aurka. Antolatzaileek aipatu dute zapatuan “jende ugari” elkartu zela frontoian, eta zapatuan ere “beste horrenbeste edo gehiago” espero dituztela. Sarrerak salgai daude
www.eramanjaialai.com orrialdean.