Lau gorpuren hezurrak aurkitu dituzte Garraitz irlako indusketa lanetan
Aurtengo indusketa lanek azkenak izan behar zuten arren, aurkikuntzen ostean datorren urtean ere egitea erabaki dute. 100 boluntariok baino gehiagok parte hartu dute aurten.
Bederatzigarrenez, amaitu dituzte lanak Atabaka Kultur Elkartekoek eta Aranzadi Elkartekoek, herritar boluntarioen laguntzagaz. Aurtengo lanak “ezin hobeto” joan direla adierazi du elkarteko kideetako batek: “Bederatzi urte daramatzagu indusketak egiten, eta dokumentuen arabera bagenekien norbait zegoela bertan lurperatuta. Hala ere, azken urteetan zalantzan egon gara, ez baitugu gorpurik aurkitu. Aurten, lau aurkitu ditugu, ermitaren leku zehatz batean”.
Horrez gain, komentu zaharraren azpiko horma sendoak ere aurkitu dituzte, eta horrek irlaren beste irudikapen bat egiteko bidea errazten du, beraz, “oso pozik” daudela azpimarratu dute, “bai eraikin aldetik, eta baita pertsonaien aldetik ere”.
Hezurrak aurkitu zituzten momentua “oso hunkigarria” izan zela azpimarratu du Atabaka Elkarteko kideetako batek: “Bai guretzat, eta baita boluntarioentzat ere. Horrelako aurkikuntzak museo batean ikusteak edo testuingurutik kanpo ikusteak ez du emozio bera. Momentuan bertan topatu eta ikustea beste bizipen bat da, eta oso hunkigarria”.
Gainera, elkarteko kideek aipatu dute aurten inoiz baino jende gehiagok parte hartu duela. Urtetik urtera zalantzan egoten dira ea jendeak parte hartuko duen edo ez, baina beti joaten da jendea: “Lehenengo egunean 55 lagun egon ginen, sekula baino gehiago. Bigarrenean lanbroa egon zen, eta gutxiago etorri ziren, baina, azken egunean berriro ere 40 lagunetik gora elkartu ginen. Erantzun bikaina jaso dugu”.
Aurtengo aurkikuntza azpimarragarrienak lau gorpuak dira, noski. Ez dute astirik eduki gorpuak osorik azaleratzeko: “Bigarren egunean apur bat agertzen hasi ziren. Hirugarrenean askoz hobeto ikusi ahal izan genituen, eta laugarrenean ahal izan genuen guztia atera genuen. Ostean, dena tapatu egin dugu atzera, eta bertan utzi ditugu, zeuden bezala. Hurrengo kanpaina batean jarraituko dugu indusketagaz”. Lehenengo, 40 zentimetro inguruko lur kapa bat kendu behar izan zuten, eta gero harrizko beste kapa bat: “Gorpu osoa ezin izan dugunez atera, ez dakigu nortzuk diren. Lau gorpuetako bat garrantzitsua da, baina hankak bakarrik atera ahal izan ditugu. Ea hurrengo indusketan elementu edo materialen batek pista ematen digun nor den jakin ahal izateko: abadea, emakume bat, jauntxo bat, fraileren bat…”.
Azkenengo indusketa aurtengoa zen arren, guzti hau agertu ostean, datorren urtean “nahitaez” egingo dute berriro ere, gorpuak osorik ateratzeko eta hormari jarraipena emateko.
Bertakoa, bertan. Atabaka Kultur Elkartekoek ahalegina egin nahi dute aurkitutako aurkikuntza guztiak herrian bertan geratu ahala izateko: “Gu ondare historikoaren aldeko elkartea gara, eta ulertzen dugu aurkikuntza batzuk kapora eraman behar direla laborategian aztertzeko, baina, horren ostean, aurkikuntzak behin betiko irlan geratzea nahi dugu. Bestela, balorea galtzen dute, eta ahaztu egiten dira. Denon artean eredu bat topatzeko ahalegina egiten gabiltza, gauza guztiak bertan geratu ahal izateko”.