Txomin Juaristi: "Duela bi urte txirrindularitza uzteko puntuan egon nintzen"
Tomin Juaristi txirrindulari markina-xemeindarrak Portugalgo itzuliko azken etapa irabazi zuen herenegun [abuztuak 20], eta sailkapen orokorrean bigarren geratu da.
Nola eta noiz hasi zinen bizikletan modu profesionalean ibiltzen?
Urteak nindoan bizikletan ibiltzen, baina apustu serioagoa egin nuen 2016-2017 urteetan. Profesionaletara salto egiteko aukera bakarra orduan zela ikusten nuen, eta beraz, bi urte horietan apostua egin nuen, ikasketak pixka bat alde batera utziz. Modulua egin nuen urte eta erdi, eta praktikak beste urte batean egiteko utzi nituen. Zorionez ondo atera zitzaidan, eta Portugalen debutatu nuen, oraintxe irabazi dudan honetan. Debutatu eta hurrengo urtean Euskadiko fundazioak deitu zidan, beraiekin aritzeko. Hau profesionaletan egiten dudan seigarren urtea da.
Zein izan da profesionaletara salto egin aurretik egin duzun bidea?
Txikitan zestan ibiltzen nintzen, gero futbolera pasa nintzen. Futbola ere utzi egin nuen, eta kuadrillako bategaz hasi nintzen txirrindularitzan, berak familia txirrindularitzari lotua baitu. Bigarren urteetako kadeteetan hasi nintzen, probatzeko. Nire aitonaren bizikletagaz hasi nintzen goiz batzuetan ibiltzen. Gogoratzen naiz amari esan niola txirrindularitzan hasi nahi nuela, eta berak esan zidan ez zela lasterketetara etorriko, baina orain bera da lehenengoa toki guztietara laguntzen didana.
Portugalgo itzuliaren azken etapa irabazi zenuen herenegun, eta sailkapen orokorrean bigarren gelditu zara. Debutatu zenuen tokia ere bada Portugal. Nola sentiarazten dizu horrek?
Ondo. Nire buruarekin helburu bat jarri nuen, eta ez nuen espero sailkapen orokorrean hain ondo geratzea. Oso ondo ibili gara, eta lehenengo garaipena lortzea oso polita da. Profesionaletan irabazi duzula esan ahal izatea oso harro egotekoa da, batez ere gaur egun dagoen mailarekin. Gehien bat jendearekin geratzen naiz, asko poztu dira ingurukoak lortu dudanarengatik. Mezu asko jaso ditut, eta maitasun hori jasotzea izan da politena niretzako.
Horren atzetik entrenamendu, lan eta sakrifizio asko egongo dira, ezta?
Bai, azken finean kirol hau oso sakrifikatua da. Etxetik kanpora denbora asko egoten naiz, familikoengandik, bikotearengandik eta lagunengandik urrun. Hemen bazaude ere, askotan ezin duzu beraiekin bat egin eta kalitatezko orduak sartu. Hala ere, egia esanda, ondo ari naiz hori eramaten, eta beraiek ere beraien aldetik oso ondo portatzen dira nirekin, beti saiatzen dira planak egiten. Sakrifikatua da, baina aldi berean polita ere bai.
Alde fisikoaz gain, psikologikoak ere izango du bere garrantzia. Presioa, urduritasuna… nabaritzen dituzu?
Duela bi urte, esaterako, txirrindularitza uzteko puntuan egon nintzen. Motibazioa falta zitzaidan, eta konturatu nintzen ez nuela gozatzen. Orduan psikologo batekin hasi nintzen, eta asko lagundu izan dit nire burua ezagutzeko eta horrelako momentu txarretan emozioak gestionatzen ikasteko. Oso garrantzitsua izan da orain arte lortu izan dudana lortzeko, eta baita duela bi urteko egoeratik irteteko ere.
Gaur egun Euskaltelen taldean zaude. Talde indartsua duzuela uste duzu?
Gazte asko gaude taldean, eta talde hau gehienbat tranpolin bat da, gazteei aukerak emateko. Talde polita daukagu, tartean beterano batzuk ere bai: Bizkarra eta Iturri, esaterako. Horiek gure maisuak bezala dira. Ni neu ere maisutzat jotzen naiz jada, eta irakasle papela daukat taldean batzuetan. Polita da daukaguna.
Nola ikusten duzu txirrindularitza Euskal Herrian?
Euskal Herrian afizio asko dago, txirrindularitza eskola asko daude, eta 23 azpiko talde asko daude. Esango nuke, kultura eta afizio gehien hemen dagoela, nahiz eta profesionalen modalitatea ere aldatzen egon. Baquek taldeak, adibidez, esan du taldea desegingo duela, baina, nik orokorrean ondo ikusten dut.
Bada musika sortuz barrenak askatzen dituenik. Zuk zer sentitzen duzu bizikletan ibiltzen zarenean?
Niri lasaitu egiten dit. Forma onean egoteak eta norbere burua ondo ikusteak konfiantza ematen dizu. Horrez gain, taldean ere oso giro ona daukagu, eta asko gozatzen dugu.
Aurrera begira, ze asmo dituzu? Zeintzuk dira hurrengo lasterketak?
Hurrengo lasterketa hilabete barru izango da, Malasyan. Orain pixka bat deskantsatu egingo dut, eta gero berriro ere martxan jarriko naiz, Malaysiakorako prestatzeko.