Aitor Arrizabalaga: "Sekula erakutsi ez ditudan lanak erakutsi nahi izan ditut"
Artistaren lanak Lekeitioko Eskolapeko Aretoan egongo dira, domekara [abuztuak 27] arte.

Udan kostako herrietan egoten den kaosaren artean, egoten dira arnasgune batzuk. Horietako bat da Lekeitioko Eskolapeko Aretoa, eta bertan daude ikusgai daude Arrizabalagaren lanak, domekara [abuztuak 27] arte, 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 21:00etara. Tartean argazkiak, oleoz egindako lanak eta collageak ere ikusi ahal badaitezke ere, gehienak xilografia lanak dira.
Artista eta parean eduki ohi duten orri zuria, bat dira ia-ia. Batzuek orri zuria hitzez betetzen dute, beste batzuek tintaz, besteek zenbakiz, eta baita beste mila modutara ere. Hala ere, bada orri zuria hartu, eta are zuriago bihurtzen duenik ere. Horietako bat da Aitor Arrizabalaga Txurruka mutrikuarra. Xilografia izeneko teknika berezi bat erabiltzen du bere obrak sortzeko, ohiko akuarela eta oleoetatik urruntzen dena.

Egurrezko matrizetako bat.
Matriza deitzen den pieza hartzen du lehenengo. Normalean, egurrezko xafla bat izaten da, baina kobrezkoak ere erabili izan ditu. Matrizari nahi duen forma eman ostean, bere barrua husten hasten da. Bai berea, eta baita piezarena ere. Hutsunez hutsune, zauriz zauri, matrizari bizia ematen dio. Sortutako hutsuneak, erliebeak bezain garrantzitsuak bihurtzen dira puntu honetan. Hutsuneak bere horretan utzi, eta erliebe gutziak tintaz betetzen ditu. Ostean, aurrez kontu handiz aukeratutako orria hartu, eta orri zuriaren hutsunean zauriak sortzen ditu. Orriak eta egurrezko xaflak ia bat egin arte presioa ematen dion makina batetik pasatzen du, torkulotik, eta amaitzean, hutsuneek eta erliebeek bat egin, eta obrak zentzua hartzen du.
Abstrakzio geometrikoa ikus daiteke lan gehienetan, eta erliebeak eta hutsuneak sortzeko beharra aspalditik sentitu izan du artistak: “Gaztetan margotzera joaten ginen herriz herri, eta gogoratzen naiz, paisaiak marrazten genituenean, gainazalak lauak zirela. Niri ez zitzaidan hori gustatzen, beti behar nuen erlieberen bat gainean. Horrek eman dit bidea torkuloaren presioaren bidez obrak sortzeko, eta helburua ez da amaierako obra, bidea baizik”.
Bide hori, askotan gehiegi pentsatu gabe hasten du Arrizabalagak: “Senari libre uztea gustatzen zait, eta bideak berak markatzen dit zer egin. Abstrakzio geometrikoak oso hotza dirudi, baina nik uste dut askoz intuitiboagoa eta biziagoa dela”.
Bere artista bidearen hasierara joateko, 60ko eta 70eko hamarkadetara salto egin behar da: “Garai haietan sekulako zaletasuna zegoen, jende asko zegoen horrelako gauzak egiten. Txikitatik izan dut zaletasuna, eta nik horrelako jendearekin bizi eta harremandu nahi dut”. Gaur egun, aldiz, “bizitzeko modu bat, arnasteko modu bat, begiratzeko modu bat…” bihurtu da berarentzat artea.
Artea artistarik gabe ez da ezer, eta ezta artista arterik gabe ere. Arrizabalagak dio arterik gabe ezingo litzatekeela bizi: “Zerbait begiratzen dudanean, menditik buelta bat ematen dudanean… denbora guztian ari naiz horretan pentsatzen”. Lucio Muñoz margolariaren hitzak ekarri ditu gogora: “Norbere bizitzaren ibilbidea tren baten joan etorriekin alderatzen zuen Muñozek. Trena gelditu egiten da geltoki bakoitzean, eta egindako obretako bakoitza, geltoki bat da. Bizitzako gauza guztiak ezin ditugu idatzi, margotu… baina zati batzuk bai, eta hori da azken finean egiten dudana”.
Basamortu honetan, “herri askotan” ari da jendea gauzak sortzen, eta “guztiek merezi dute errespetua”. Arrizabalagak dioenez, bera “gauza inutilen” aldekoa da, “ezertarako” balio ez duten gauzen aldekoa: “Uste dut hor benetan altxor bat dagoela, eta badela hori baloratzen eta zaintzen hasteko ordua. Ingurukoen esker ona behar dute artistek, eta udaletxeek jendeari egin dituzten obrak erakusteko toki bat eskaini beharko lukete, esate baterako”.
“Ez gaude ohituta” horrelako gauzak ikustera, eta mutrikuarraren ustez, “pentsamendua zabaltzeko” behar-beharrezkoa da: “Balioan hartu behar dira ezertarako balio ez duten gauza hauek ere: artea, arte plastikoak, pintura, eskultura, literatura, musika… Gizartean oso gaizki tratatuta dauden kontuak dira, eta agian iritsi da momentua hondoa jo eta gorantz hasteko, poliki-poliki”.
Arrizabalagak sortzen dituen hutsune eta zaurien parekoa izango litzateke artista bati artea egiteko eskubidea kentzea. Erakusketara joaten denak bere “barne mundua” aurkituko du, hutsuneen artean sortzen den ibilbideari jarraituz: “Sekula erakutsi ez ditudan lanak erakutsi nahi izan ditut, astinaldi bat emateko asmoz”.