Unai Goitia aulestiarra, Munduko Sokatira Txapelketara
Abuztuaren 31tik irailaren 3ra izango da, Suizan. Goitia, Mutrikuko Sokatira Taldean eta ingude altxatzean ibiltzeaz gain, Euskadiko Orga Txapelketako irabazlea da.

Badira burua nekatzeko beharra dutenak, eta baita gorputza nekatzeko beharra dutenak ere. Batak bestea kentzen ez badu ere, Unai Goitia aulestiarrari gorputza martxan edukitzea gustatzen zaio. 19 urte inguru zituela kirol desberdin bat probatu, eta arantza kendu nahi izan zuen. Hala hasi zen Mutriku Sokatira Taldean, 2018ko urrian. Sokatirari tiraka, bestelako herri kirolak ere ezagutu zituen, tartean, ingude altxatzea eta orga jokoa, eta gaur egun ere, horretan aritzen da.
Erakustaldietan eman zuen bere lehen pausua, eta hor konturatu zen orgak zerbait mugitzen zuela bere barnean. Barnea ez ezik, kanpoko guztiak ere mugitu ditu Goitiak, izan ere, 2021eko urrian bere lehen Gipuzkoako Orga Txapelketan parte hartu zuen, eta irabazi egin zuen. Bigarren txapelketa 2022ko abuztuan izan zen, eta hura ere irabazi egin zuen. Gipuzkoako txapelduna izatea gutxi balitz, 2022ko abenduan Euskadiko Orga Txapelketa ere irabazi zuen. Azkenengo txapela duela bizpahiru hilabete irabazi zuen, ekainean hain zuzen ere, eta Euskadiko orga txapelduna da gaur egun.

Argazkia: Karmele Goitiandia.
Lehenengo txapela irabaztea berezia da, eta ez da hala nola ahazteko bezalako momentua. Goitiak dio, herri kirolen artean orga ez dela oso ezaguna, “gutxi egiten den kiroletako bat” dela aipatu du: “Parte hartzaile gutxi gara, baina Euskadiko txapeldun izateak morala altzatzen du”. Gainera, aurten berak iaz egindako marka gainditu du: “Atzetik entrenamendu asko daude. Orga ondo kolpatzen jakin behar da, orga zuzen eraman ahal izateko eta behea ez jotzeko. Beraz, bai, entrenamenduak behar dira orga ganoraz eramateko”.
Entrenamendu fisikoagaz hasten da Goitia, pesak eta antzekoak eginez. Ostean, batzuetan Mutrikura joaten da sokatiran edo organ aritzera: “Etxean ere ingude jasotzen aritzen naiz. Lehenengo fisikoa lantzen dut, eta ostean espezifikoa”. Entrenamendu ordu asko eginda ere, jendaurrean erakustaldia egiteak edo txapelketa batean parte hartzeak barruko alarma guztiak piztu ohi ditu, eta Goitiak ere nabaritzen du: “Kolpatu aurreko momentuan zalantzak eta urduritasunak sartzen zaizkit: nola kolpatuko dut, nola irtengo zait… hori beti dago hor, baina bai sokatiran, bai futbolean, bai beste edozein kiroletan bezala. Hala ere, behin kolpatzen dudanean dena ahazten zait, eta hor zentratzen naiz”.
Plaza eta herri askotan aritu izan da Goitia, baina plaza kuttunena Ondarroakoa dela dio, eta azken erakustaldia ere bertako Andra Mari jaietan egin du: “Saiatzen naiz lagunak eta familikoak ikustera etortzeko animatzen, baina dena ezin… Hurbileko norbait etortzen denean beti da gehigarri bat”.
Euskal Herrian ez ezik, urrutirago ere joan da Goitia sokatiran aritzera. Esaterako, iaz Holandan egon zen Munduko Sokatira Txapelketan parte hartzen: “Duela bi urte parte hartu nuen lehenengoz, Getxon egin zen txapelketan. Esperientzia oso ona izan zen, eta aukera eman zidaten bai Euskadiko taldearekin eta baita Bilboko talde batekin ere 23 urte azpiko taldean joateko. Bai nazioka eta baita taldeka ere, munduko hirugarren geratu ginen. Iaz ere aukera eman zidaten Euskadiko selekzioarekin joateko, eta gustura geratu nintzen egindako lanagaz”.
Aurten ere parte hartuko du Munduko Sokatira Txapelketan, datorren astean, hain zuzen ere. Abuztuaren 31an hasiko da txapelketa, eta irailaren 3an amaitu, Suizan. Mutrikuko Sokatira Taldeagaz amaitu du aurtengo lur gaineko sokatira denboraldia, baina Goitiari Gipuzkoako orga eta ingude txapelketak geratzen zaizkio. Oraindik ere sokatik tiratzeko indarra geratzen zaio Goitiari, luzerako gainera: “Heri kiroletan aurrera jarraitzeko asmoa daukat”.