XV. Gau Magikoak musikaren magiaz beteko du Lekeitio
Barikuan, duela hamabost urtetatik urtero egin izan duten Gau Magikoa kontzertua eskainiko du Lekitto Musika Bandak, 22:00etan, Lekeitioko Nautika aurrean.
Lekitto Musika Bandaren hitzordu garrantzitsuetako bat uztailean izan ohi da, Euskal Herrian gero eta ezagunagoa den Plazakua kontzertuagaz. Baina, badute beste hitzordu garrantzitsu bat ere, eta bihar [abuztuak 25] egongo da bandaren musikagaz gozatzeko hurrengo aukera. Gau Magikoa egingo dute, Nautika aurrean, 22:00etan. Urtzi Iriondo mutrikuarra da bandaren gaur egungo zuzendaria, eta bi zatitan banatu du kontzertua: lehenengo zatian Lekitto Musika Banda entzun ahalko da, prestatuta dituzten abestiekin. Bigarren zatian, aldiz, jam session bat egingo dute, urtero bezala. Edonork parte hartu dezake inprobisazioari eskainitako bigarren zati honetan. Esaterako, Espainiar Estatuko jazz munduko musikari garrantzitsu asko etortzen dira, eta beraien musikagaz gozatzeko aukera egongo da.
Gorka Benitez bilbotarragaz elkartu zen Iriondo, eta ikusi ziren momentutik “konektatu” egin zutela dio: “Uda Lekeition pasatzen du Benitezek, eta hala bandaren ensaio batean ezagutu ginen. Jazz munduko Espainiar Estatuko saxofoi jotzaile onenetarikoa da, eta baita Europakoa ere. Ezagutu ginenetik konexio berezia izan dugu, eta Gau Magikoa bion arteko kontu bat da, guk nahi dugulako egiten dugu”.
Batez ere Euskal Herriko eta Espainiar Estatuko musikariak etortzen dira parte hartzera, esaterako: De Diego anaiak, Alejandro Mingot, Teresa Zabalza, Aritz Luzuriaga eta Dani Perez. Horrez gain, Chicagoko musikari bat ere etorri izan da. “Gau Magikoan ezin dugu esan zer gertatuko den, bertara joaten direnek sortzen dute magia hori. Bandak prestatutako errepertorioa jotzen du, baina horren ostean dagoen inprobisazio saioa ez dago prestatuta, eta momentuan gertatzen dena da”.
Iriondok dio banda bat zuzenean inoiz entzun ez duenarentzat aproposa izan daitekeela Gau Magikora joatea, ez delako ohiko pasodobleak eta zarzulak soilik entzun daitekeen kontzertu bat: “Bai gu eta baita gaur egungo banda asko ere, saiatzen gara lehengo banda militar horietatik begirada altxa, eta gaur egungo gazte nahiz zaharrengana hurbiltzen”.
Musika pasio. Iriondo txiki-txikitatik egon da musikagaz lotuta, aita eta aitona musikariak baitzituen. Bere aitona garaiko txistulari taldeko zuzendaria zen, eta beragaz hasi zen txistua jotzen. Hala ere, musikagaz liluratuta geratu zen lehenengo eguna gogoan du zuzendariak: “Gogoratzen naiz, Lander Paletas lagunagaz jolasean ari nintzela, musika bandaren entsegura joan behar zuela esan zidala. Garai haietan Mutrikuko Musika Bandak gaur egun turismo bulegoa dagoen tokian entseatzen zuen, eta bertara sartu nintzenean harrituta geratu nintzen, nire bizitzako tokia aurkitu nuen: dena instrumentuz beteta, jendea ikasten, zuzendaria… Sekulakoa izan zen”.
9 urtegaz musikaren munduan hasi zenetik 2006an Lekitto Musika Banda zuzentzen hasi zeneraino, Mutrikuko Musika Bandan aritu izan da Iriondo, eta Agustin Arrieta zuzendariak sartu omen zion musikagaz jarraitzeko gogoa. Arrieta zuzendaria jubilatu zenean, Mutrikuko banda utzi egin behar izan zuen: “Alde batetik, Agustin jubilatu egin zen, eta bestetik, ensaio ordu eta egunak Lekeitioko bandaren berdinak ziren. Pena handiz, baina gaur egun ez dut jotzen banda batean ere. Orain zuzendaria naizen arren, instrumenturen bat jotzen ere gustura ibiliko nintzateke”.
Bai jotzen, bai entzuten eta baita zuzentzen ere, musikak “bidaia desberdinetara” eramaten duela dio Iriondok: “Negar asko egiten dut musikagaz. Jotzen ez nau horrenbesteko bidaietara eramaten, baina entzuten dudanean, eta batez ere, zuzentzen dudanean, bai. Musikariei beti esaten diet zerbait kontatu behar dutela, eta ez soilik jo jotzeagatik”.
Urratsez urrats. 40 urtez, iaz zendu zen Miguel Arrieta ibili zen Lekitto Musika Banda zuzentzen, eta hark bere zikloa amaitu zuenean, Iriondok hartu zuen erreleboa. 2006. urtean jarri behar da begirada horretarako, eta ordutik, hemezortzi urte daramatza Iriondok banda zuzentzen. “Beste ziklo bat” hasi zuen bandak Iriondogaz batera, “beste era batekoa”. Azpimarratzekoak dira, esaterako, argitaratu dituzten bost DVDak, bakoitzean euskal kulturaren diziplina bat ardatz hartuta: bertsolaritza, txalaparta, rocka, dantza eta euskal kantua.
Horren harira, 2016an Sagarrak izeneko ikuskizun bat sortu zuten, DVDetan parte hartu zuten guztiak elkartzen zituena: Amets Arzallus, Jon Maia, Oreka TX, Miren Narbaiza, dantza taldea… Iruñeko Baluarten estreinatu zuten: “Potentea izan zen, Baluartera Lekitto Musika Banda iristea mugarri bat izan zen, eta ez dakit berriro gertatuko den”.
Aurtengo apirilean kontzertu berezia eman zuten bandakoek. Iriondok banda sinfoniko bihurtu zuen: “Txeloa, kontrabaxuak, fagotak, arpak, kanpaiak, laminak… ekarri nituen, eta internet bidez eman genuen kontzertua. Lekeitioko elizan izan zen, eta laguntzen mutrikuarrak ibili ziren: Axular soinuan, Endika Lekube internetagaz eta Biarko grabazio lanetan. Berezia izan zen”.
Erraz esaten da, baina 2017an bandak 150 urte bete zituen, eta ospatzeko urte guztian hainbat ekintza antolatu zituzten. Horietako bat izan zen Donostiako Orfeoiagaz estreinatu zuten Itsaso Zakarrari izeneko obra, Jabier Ituartek egina Amets Arzallusen letragaz. Gainera, dokumental bat ere egin zuten, Lekeitioko Euskal Zine Bileran eman zutena.