Domekan Azoka Eguna ospatuko dute Mendexan
10:30etik 14:30era izango da azoka. Horrez gain, 12:00etan pilota partidak egongo dira frontoian.
Azoka egingo dute domekan [abuztuak 27] Mendexan, 10:30etik 14:30era. Lekeitio eta inguruko artisauen hamaika postu egongo dira, Artzabal Eskuabilen Elkartearen eskutik: Aitama, Sister’s, Anne Marie, Ana, Mari Kruz, Haizeart, Maitatu, Tribat, Alitos, Matxetenekua eta Marisol. Horrez gain, zazpi ekoizleren postuak ere egongo dira, besteak beste: txakolina, ortuko produktuak, esnekiak, arrautzak eta txerrikiak.
Duela urte batzuk azoka egiten bazen ere, aurten “azoka berreskuratzea” erabaki zuten Mendexako Udaleko ordezkariek: “Gure eskualdeko artisau eta ekoizleei gure babesa adierazteko eta beraien produktuentzako plaza bat eskaintzeko, besteak beste”.
“Eguraldia lagun” izatea espero dute, eta jendearen harrera nolakoa izango den ez badakite ere, azokara joatera animatzen dituzte herritarrak nahiz ingurukoak: “Merezi du pixka bat mugitu eta bertako ekoizleei bultzada ematea. Bertan bertakoa kontsumitzera animatu nahi ditugu”.
Herriko trikitilariek girotuko dute plaza, eta horrez gain, pilota partidak ere jokatuko dira frontoian, 12:00etan. Lehenengo neskek jokatuko dute, Anituak Beitiaren aurka. Ostean, mutilek jokatuko dute, binaka: Agirre eta Morgaetxebarria gorri, Alberdi II eta Eskiroz urdin. Sarrerak aurrez erosi daitezke herriko tabernan edo Leagi kanpinean, 8 euroren truke. Egunean bertan ere erosi ahal izango dira, 10 euroren truke.
Artzabal Eskuabilen Elkartea. Sei urte dira Lekeitioko artisau talde batek herritarren artean elkartzeko beharra zegoela sumatu zutela, eta orduan sortu zuten Artzabal Eskuabilen Elkartea. Guztira 25 artisau inguru daude bertan, eta gehienak emakumeak dira. Zaletasun modura egiten dituzte produktuak, besteak beste: buztin polimerikoagaz, erretxinagaz eta 3d inpresoragaz egindako bitxiak, makramez egindako produktuak eta boltsak. Mendexako azokara ere hainbat produktu eramango dituzte, eta beraientzako horrelako azokak garrantzitsuak direla aipatu dute: “Aurrez aurreko kontaktua errazten digu, eta jendeak guri pertsonan ezagutzeko aukera edukitzen du. Guk normalean online edo sare sozialen bidez egiten ditu salmentak eta harremanak, jendeak ez gaitu ezagutzen, eta horrelako azokak izaten dira pertsonan ezagutzeko aukera”.