Garazi Navarro: "Ez dut bertsoa hitzen jolas soil bat bezala ulertzen"
Garazi Navarro bertsolari amorotarrak 47. Bertsolari Gazteen Lizardi Sariko bigarren kanporaketan abestuko du gaur [abuztuak 25].
Garazi Navarro amorotarrak gaur [abuztuak 25] abestuko du 47. Bertsolari Gazteen Lizardi Sariko bigarren kanporaketa saioan, 22:00etan, Zarauzko Imanol Urbieta Musika Eskolan. Atzo [abuztuak 24] egin zuten lehen kanporaketa, eta Bittor Altube izan zen lehen finalista, 211 puntugaz. Altubegaz abestuko du gaurko kanporaketako irabazleak eta puntuazioz sailkatutako lehen lau bertsolariek, irailaren 1ean egingo duten finalean.
Bertsotan hasten diren gehienak gaztetxotan hasten diren arren, Navarrori 18 urtegaz iritsi zitzaion bertsotan aritzeko gosea asetzeko gogoa. Bertsozalea izan da beti, etxean ere hori jaso duelako. Esaterako, aitona zuen Hilario Ugarteburu koplaria, Berriatuko Milloi auzoan jaioa. Harekin bizitakoak ekarri ditu gogora: “Sukaldean egoten ginenean, izaten zuen joera errimarako, hitzekin jolasteko, adarra jotzeko. Bazeukan bertsolarien zirtoa, eta hori etxetik jaso dut nik. Horrekin batera, baita bertsozaletasuna ere, berarengadik eta amarengandik”.
Horrez gain, bertsotan hasi aurretik ere joan izan da Navarro Bertsozale Elkarteak urtero antolatzen dituen bertso udalekuetara, eta beraz, inguru sozial horren parte zen jada: “Horrek ere bultzatu ninduen pixka bat bertsotan hastera. Ikusten nuen nire horko lagunek bertsotan egiten zutela, eta pentsatzen nuen: eta nik, zergatik ez?”. Hala, Bilbora ikastera joan zenean, Santutxuko bertso eskolan hasi zen, eta hortik hainbat bertso-saio eta sariketatan parte hartzen hasi zen.
Bertsoak ikasten egotetik, irakasten egoterainoko saltoa ere egin zuen amorotarrak. 15 urte inguruko gaztetxoei bertsolaritza irakasten aritu zen Santutxun. Aurten, berriz, Lekeitioko Poto bertso-eskolatik apustua egin nahi izan du Navarrok, Xabat Galletebeitia eta Aissa Intxausti bertsolari lekeitiarrekin batera: “Ikusten genuen Lekeition bertso zaletasunari kosta egiten zitzaiola pixka bat. Ikusten genuen beharra gazte talde bat sortzeko”. Eta hala, 11 urteko sei ikasle inguruko taldea osatu, eta bat-bateko talde bat sortu dute: “Eskolan ere eman izan dute bertsolaritza, eta motibazio hori ere aprobetxatu nahi izan dugu”.
“Askotan bertsotan teknikoki zuzen egitea baino zailagoa da norbere buruari eustea”
Bertsotan ikasi ostean, jendaurrean abestea tokatzen da, eta behin oholtza gainera igota, nahitaez ikasi behar dira bertan zentzua zuzen mantentzeko gakoak. Askorentzat, ez da lan erraza izaten. Navarrok bere burua urduritzat duen arren, bere ahotsak lasaitasuna eta ziurtasuna transmititzen dute: “Askotan bertsotan teknikoki zuzen egitea baino zailagoa da norbere buruari eustea jende pila bat zuri begira dagoenean, beldurrak kontrolatzea… Nik uste dut urduritasun eta alderdi psikologiko hori dela gehien landu behar dena”.
Txapelketek ere estuasun handia sortzen die hainbat bertsolariri, baina Navarrok dio, txapelketetan edo txapelketetatik kanpo, bietatik ikasi duela: “Egia da txapelketetan jendeak oso gaizki pasatzen duela, baina nire kasua ez da hori izan. Ez naiz batere lehiakorra, ez nau inoiz gehigi arduratu atzetik geratzeak, eta horri esker, txapelketetan ez dut beste batzuk beste sufritu”.
Hala ere, herriko plaza, gaztetxe edo tabernetan egiten diren bertso saioak dira Navarroren gustukoenak: “Hori da bertsoaren esentzia. Zirkulu bat-batekoagoetan edo informalagoetan dago nire ustez esentzia, adarra jo, bertako egoeraren inguruan abestu, herriko arazo desberdinak plazaratu… Hori da niri gehien gustatzen zaidana”.
“Ez dut bertsoa hitzen jolas soil bat bezala ulertzen”
Ukaezina da bertsoaren bidez hainbat kontu aldarrikatu eta ikusarazi izan direla bertsolaritzaren historian zehar, eta beste hainbat arrazoiren artean, horrek ere bultzatzen du Navarro bertsotan jarraitzera: “Askotan pentsatu izan dut: bertsoa ez balitz izango tresna bat nire ideiak plazaratzeko, ez dut uste bertsotan egingo nukeenik. Ez dut bertsoa hitzen jolas soil bat bezala ulertzen. Hala ere, niretzat kontua ez da nik zer nahi dudan esan, eta uste dut bertsoetan berreskuratu beharreko gu bat badagoela”.
Argi eta garbi adierazi du Navarrok berarentzat bertsoa gaurkotasunari beste ikuspegi batetik abesteko tresna dela, eta balio handia duela: “Euskal Herrian gazte asko bultzatzen eta aurrera eramaten gabiltzan prozesu sozialistaren barruan ikusten dut bertsoa”. Mugimendu sozialistaren barruan ere baditu zenbait erreferente, besteak beste: Txaber Altube, Aitor Bizkarra eta Aroa Arrizubieta. “Diskurtso aldetik, bertsotan egiteko beste modu bat plazaratzen dute”.
Erreferente horiez gain, umetatik Maialen Lujanbio izan da bere “izarra”, eta gaur egun ere badela aitortzen du. Lea-Artibai ibarrera etorrita, azken urteetan Nerea Ibarzabal erreferentea izan dela dio: “Niretzat hurbilekoa da, Markina-Xemeingo bertso eskolara joaten garelako entrenatzera, baina, bertsolari modura ere lortzen du entzulearekiko pertsona hurbila izatea, daukan bertsokeragaz. Bertsokera lurtarra dauka, eta lortzen du eszena zehatz batzuetara eramatea, bere bertsoekin pelikulak sortuz. Hori bada niri gustatzen zaidan estilo bat”.
“Oholtzan egoteko modu asko daude plazaratzen, eta hori, guretzako ere, emakume bertsolari moduan, zorte handia da”
Navarroren erreferente gehienak emakumeak badira ere, ez da izan lan erraza emakumeentzat oholtzan tokia egitea. Lehen ere bertsotan aritzen ziren emakumeak, Navarroren birramona kasu, “baina plazarako saltoan emakumeak ez ziren existitzen, urte askotan egon da arrakala bat hor”. Gaur egun, Bertsozale Elkarteak egindako ikerketa oinarri hartuz, arrakala gero eta txikiagoa dela dirudi, eta Navarrok dio “begi onez” ikusten duela eboluzioa: “Oholtzan egoteko modu asko daude plazaratzen, eta hori guretzako ere, emakume bertsolari moduan, zorte handia da. Hala ere, oraindik hainbat plazatan gure tokia borrokatzea tokatzen zaigu, baina uste dut bide onetik goazela”.
Formatuak ere berritzen doaz gizarteak hala behar duen heinean, eta Miseriaren Adarrak emanaldia da horren adibide. Ekida Arte Ekimen Sozialistaren bidez sortutako emanaldia da, bat-bateko bertsoa, bertso jarriekin eta musikarekin uztartzen dituena, besteak beste: “Asko gustatzen zaidan formatua da. Aukera ematen du bai gai aldetik, eta baita beste edozein zentzutan ere, gaur egungo mundu honekiko ikuspegi kritiko bat mahaigaineratu eta bertso politiko horretatik abestu ahal izateko”.
Hori da, hain zuzen ere, Navarrori bertsotan aritzen jarraitzeko gehien bultzatzen diona. Gainera, bertsoak, beste edozein arte adierazpenek bezala, emozionatzeko aukera ematen duela azpimarratu du, eta horren bitartez, zenbat ideia plazaratzeko aukera ematen dituelako: “Gero eta argiago ikusten dut bertsolaritzat balio duela beste modu batera agian jendearengana heltzen ez diren ideia batzuk zabaltzeko. Hori da nire motibazioa. Horretan aurrera egin behar dugu. Nik nire burua bertsolari sozialistatzat hartzen dut, eta nire jarduna ere hor kokatzen dut. Esateko dudan guztia, esateko beste modu bat… motibazioa hori da. Eta noski, dudarik gabe, bertsolaritzak ematen didan inguru sozialaren parte izatea”.