Mendiko bizikletagaz ibiltzeko zirkuitu berria, Ispasterren
XC modalitateko zirkuitua da, eta bihar [abuztuak 26] irekiko dituzte zirkuituko ateak, 10:00etan.
Ispasterko Udalak XC mendiko bizikletaren modalitateko zirkuitu bat prestatu du, XC Ispaster izenagaz, Basokoetxe industrialdunean inguruan. Lanak Sendo S.L. ingeniaritza enpresak egin ditu, udal eta diputazio lurretan, eta zirkuituak bihar [abuztuak 26] irekiko ditu bere ateak, 10:00etan.
10:00etan irekiko den arren, goiz eta arratsalde guztian egongo da irekita, eta edozein ordutan joan ahalko da, hala azpimarratu du ibilbidean lanean aritu den Imanol Goñik: “Ondo pasatzeko intentzioagaz, denetariko txirrindulariak egongo dira bihar. Deialdia nagusi zein umeei luzatzen diegu, etorri, lekua ezagutu eta tarte polit bat pasatzeko”.
XC modalitateko zirkuituak hiru, lau edo bost kilometrokoak izan ohi dira, eta lehia edo aisia modura erabili daitezke. Goñik azaldu du Ispasterko ibilbideak lau kilometro dituela, eta maila guztietara egokituta dagoela: “Beheko gunea errazagoa da, hasiberrientzako egokiena. Ostean, gune teknikoago bat dago: haitzekin, kareharriagaz, sustraiekin, aldapekin eta saltoekin… Eta azkenik, aldapa bat dauka txirrindulari aurreratuagoentzako egokia izango dena”.
Udal zirkuitu iraunkorra izango da: “Zabalik egongo da beti, urte guztian nahi duenak bertara joan eta erabiltzeko. Udalak konpromezua hartu du mantentze lanak egiteko, batez ere, belarra eta sasiak kontrolatzeko”.
Ispasterko Udala, XC zirkuituaz gain, BTT modalitateko ibilbidea ere diseinatzen ari da, eta urtea amaitu baino lehen Bizkaiko Mendi eta Mendi Federaziarekin homologatzea espero du: “Naturaz gozatzea ahalbidetzen duen kirol aukera ezberdinak bultzatu nahi ditugu herritarrentzat, eta horrela bizimodu osasuntsua izateko aukerak eman”.
Lan prozesua. Ibilbidea ezerezetik hasi zen. Udaletxeko ordezkariek ideia aurkeztu zuten, eta harrera ona izan zuenez, lanean hasteko agindua iritsi zitzaien Goñiri eta lankideei. Lurrak identifikatu zituzten, eta kokalekua aproposa zela erabaki zuten: “Industrialgunearen ondoan egoteak autoan iritsi ahal izatea ahalbidetzen du, eta baita oinarrizko zerbitzuak eman ahal izatea ere, besteak beste, ura”.
Ostean, lurren mugen barruan esploratze lanak egin zituzten, eta zer nolako geografia fisikoa dagoen aztertu zuten: nolako topografia dagoen, non dauden aldapak edo zirkuituan ondo joan daitezkeen haitzak eta bestelako oztopoak identifikatu, besteak beste. Horren ostean, ordenagailuan ibilbidearen diseinua egin zuten, mapa topografikoak abiapuntutzat hartuta, eta azkenik, lursailera joan eta diseinatutako hori errealitate bihurtu zuten.