Jendea "gogotsu", Mendexako Azoka Egunean
Atzo [abuztuak 27] Azoka Eguna ospatu zuten Mendexan, eta “oso ondo” joan zela adierazi dute antolatzaileek. Guztia hamaika artisau postu eta zazpi ekoizleren postu egon ziren, eta saltzaileak “oso pozik” geratu ziren.
Eguraldia lagun izan ez arren, salmenta onak eduki zituzten ekoizle eta artisauek, eta frontoian jokatu zituzten pilota partidetan ere jende asko elkartu zen: “Giro polita egon zen, baita trikitilariei esker ere. Herriko sei trikitilari eta panderojole elkartu ziren”.
Aurrera begira jarriz gero, Mendexako Udalari “garbi” geratu zaio datorren urtean ere abuztuko azkenen domekan azoka hau antolatuko dutela: “Pentsatzen eta sinesten dugu bertan bertakoa kontsumitzeko aukerak sortu behar direla. Oso pozik gaude egon zen giroagaz”. Hala ere, aldaketa edo hobekuntza batzuk egingo dituzte, hainbat proposamen sortu baitziren: “Herritar batzuk egon ziren bertan gazta, arrautzak, txorizoa… erosi eta pintxoak saltzen, eta hurrengo urtean ere bide berdinari kolpatuko diete, gauza gehiago gehituz”.
Art-Zabal Eskuabilen Elkarteko kideak ere pozik daude azokagaz: “Eguraldia kontra izan arren, jendeak azokara joateko apostua egin zuen, eta herrikoak ez ezik, inguruko herrietakoak ere ikusi genituen. Jendea gogotsu ibili zen, eta beti bezala, aurrez-aurreko kontaktua zoragarria izan zen”. Horrez gain, eskerrak eman nahi dizkiete Mendexako Udalari horrelako ekimenak antolatzeagatik eta bertako produktuak ezagutzera ematen laguntzeagatik.