Murlako jaiak, egun guztiko egitarauagaz
Bihar [abuztuak 29] ospatuko dituzte Murlako jaiak, Aulestiko Ibarrola auzoan.
Aulestiko Ibarrola auzoan, Murlako jaiak ospatuko dituzte bihar [abuztuak 29], egun osoko egitarauagaz. Iaz egitarauaren formatua aldatu zuten, eta aurten ere formatu berdina jarraitu dute: “Azken urteetan konturatu gara gaueko erromeriara jendea eramatea asko kostatzen zela, eta jende gutxi joaten zen. Iaz formatu aldaketa egin genuen, arratsaldeko egitarau guztia jarraian jarriz, eta aurten ere hala antolatu dugu”.
Goizean, mezaren ostean, duathloia egongo da, eta ondoren, txinga jaurtitzea. Bai txapelketa batean zein bestean, irabazleak 60 euro eta garaikurra eskuratuko ditu, bigarrenak 50 euro, hirugarrenak 40 euro, laugarrenak 30 euro eta bosgarrenak 20 euro.
Goiza txapelketa artean pasa ostean, bazkaltzeko denbora izango dute auzotarrek. Arratsaldeko egitaraua 17:00etan hasiko da, mus txapelketagaz. Antolatzaileek aipatu dute “bikote asko” batzen dela. Irabazleek 240 euro eta txapelak eskuratuko dituzte, bigarrenek 180 euro eta garaikurrak, hirugarrenek 120 euro eta laugarrenek 60 euro.
Ondoren, 18:00etan, umeentzako jolasak egingo dituzte: “Iaz oso eguraldi ona egin zuen, eta giroa ikusgarria izan zen. Jende asko ibili zen egun guztian, ea aurten ere horrela izaten den”. 20:30ean pintxo-potea egingo dute, eta egunagaz amaitzeko, Andoni Ollokiegik kontzertua emango du: “Performancea egiten du, oso abila da eta ikusteko oso polita. Mota guztietako musika entzun nahi duenak, gainera, musikari on baten eskutik, aukera izango du Ollokiegigaz”.
Antolatzaileek herritar nahiz inguruko guztiak animatzen dituzte bihar Murlako Jaietara joan eta parte hartzera. Gainera, Murla Aulestiren sorlekua dela aipatu dute, “lehen Murla zen herria”. Ermita omen zen bertako eliza: “Herriaren sorterrira joan eta bertako eguna ospatzea polita da, denak animatzen ditugu bai ikustera eta baita parte hartzera ere”.