30 lagunetik gora, Ispasterko XC zirkuituaren irekieran
Zapatuan [abuztuak 26] 10:00etan zuten hitzordua Ispasterko eta inguruetako txirrindulariek, Basokoetxe industrialgunean. Ispasterko Udalak XC modalitateko zirkuitua estreinatu zuen, mendiko bizikletagaz ibiltzeko lau kilometroko ibilbidea.
Sendo S.L. ingenieritza enpresak eraman zuen aurrera proiketua, eta zapatuan, udaleko ordezkariez gain, Imanol Goñi ingeniaria ere bertan izan zen: “Bezperan euria egin zuen, eta goiz hasieran ere bai. Apur bat ikaraz eta ezjakintasunagaz joan ginen, ea zer nolako erantzuna edukiko ote zuen ekitaldiak. 10:00etarako atertu egin zuen, eta eguerdira arte ez zuen euririk egin, beraz, tarte horretan gustura ibili ginen”. Guztira, 6 eta 14 urte bitarteko hogei gaztetxo inguruk parte hartu zuten, eta hamabi heldu inguruk.
Garbiñe Saenz de Buruaga Ispasterko alkateak proiektuaren nondik norakoak azaldu zituen, eta herriak halako ekimen baten aurrean izandako borondatea azpimarratu zuen. Goñik, aldiz, diseinuaren eta erabileraren inguruko hainbat azalpen eman zituen. Ostean, lau itzuli inguru eman zituzten parte hartzaile guztiek taldean, mailarik errazenean. Ondoren, prest zeudenekin ibilbidea zabalduz joan ginen, eta ibilbide teknikoagoa egin zuten. “Gunerik zailena baztertu egin genuen, basa dezente zegoelako, eta ez genuen arriskurik hartu nahi izan. Hala ere, trebatuenak goraino igo ziren. Igoera bortitzena eta teknikoena eta jaitsiera bere osotasunean ez genituen egin”. Hala ere, umeak “oso pozik” ibili zirela azpimarratu du Goñik: “Batzuk basa artera ere erori ziren, baina istripurik gabe, dena algara artean”.
Ekitaldiagaz amaitzeko, hamaiketakoa egin zuten udaletxearen eskutik, eta ekitaldiagaz “pozik” geratu zirela azpimarratu dute antolatzaileek: “Pozgarria izan zen umeen erantzuna”. Horrez gain, Lea ibarreko txirrindulariak, Busturialdekoak nahiz urrunagokoak joan dira asteburuan zirkuitua probatzera, eta “harrituta” geratu dira: “XC modalitatean eta mendi bizikletan ibiltzen diren txirrindularien artean zabaltzen ari da Ispasterko zirkuitua, eta probatzera etorri direnak harrituta geratu dira, oso gustura”.