Aritz Erkiaga: "Presio gehien sumatu ditudan partidak bi munduko txapelketak izan dira"
Aritz Erkiaga puntista ispastertarrak Lekeitio Master Seriesa irabazi du asteburuan.
Frontoian ezin bizkorrago mugitzen da Aritz Erkiaga puntista ispastertarra, eta harrigarria da hitz egiterakoan zer nolako lasaitasunagaz egiten duen. 2022. urtea ezin hobea izan zen berarentzat, eta hori gainditzea “ezinezkoa” dela dioen arren, 2023ak ere eman ditu bere fruituak. Azkenengo txapela Lekeition irabazi zuen zapatuan [abuztuak 26], Master Seriesean, Julen Del Riogaz batera.
2007an debutatu zenuen. Nolakoa izan zen horrainoko ibilbidea?
8 urtegaz hasi nintzen zestan. Anaia daukat ni baino 5 urte zaharragoa, eta bera Markinako zesta eskolan hasi zen lehenengo. Gero, Lekeitioko zesta eskolara pasa zen. Ni hasi nintzenerako Lekeition zegoenez, ibilbide guztia bertan egin dut. 20 urtegaz eduki nuen aukera Estatu Batuetara joateko, eta han egon naiz 14 urtez, itxi egin behar zuten arte. 2021. urte inguruan itzuli nintzen Euskal Herrira.
Nola gogoratzen duzu debutatu zenuen urtea?
Debutatu baino zertxobait lehenago jakin nuen Miamira joango nintzela. Miamiko denboraldia bi zatitan banatzen zen. Lehenengoa urtarriletik ekainaren 30era arte, eta bigarrena uztailaren 1etik abendura arte. Miamiko eta Euskal Herriko enpresek hitz egin zuten, eta hemen udako bi hilabeteetan debutatzen utzi zidaten. Irailean joan nintzen Miamira.
Euskal Herrian debutatu nueneko lehenengo partidaz bai gogoratzen naiz, Markinan izan zen, eta oso partida polita izan zen.
Zure lehenengo buruz-buruko txapela berriz, 2013an lortu zenuen. Nola gogoratzen duzu une hori?
Partida arraroa izan zen, bero asko egin zuen eta pilotak asko bizitu ziren. Aurkaria askogatik irabazten zihoan: 30 tantotara arte zen partida, eta 27-19 gindoazen, ni galtzen. Baina azkenean, pilota bizia aprobetxatuta irabazi egin nuen. Banakako partidetan ez zegoen toki asko, Goikoetxeak irabazten zituelako denak, eta beraz, berezia izan zen irabaztea.
Iaz hirugarren banakako txapela irabazi zenuen. Zer aldatu da lehenengo txapeletik hirugarrenera?
Hirugarren txapela Berritxun lortu nuen. Hango frontoian ezaugarri desberdinak ditu: motzagoa da, eta indarra ez da horren garraintzitsua. Ni ez naiz indartsua eskumagaz, eta beti esaten da eskuma ona duenak irabazten duela. Hor eduki nuen nik akatsa, baina Berritxuko frontoian jokatzeak lagundu egin zidan.
Final laurdenetatik edo zortzirenetatik arriskuan zaude kanpoan geratzeko, eta badago presioa ea nork irabaziko ote duen txapela. Lehenengo urtea oso gogorra izan zen final laurdenetatik, eta iaz presioa gehiago nabaritu nuen.
Lekeitio Master Seriesean jokatu eta irabazi duzu, nola sentiarazi dizu berriro ere Lekeition jokatzeak?
Orain arte ez dut inoiz irabazi Lekeitioko txapelketa, eta bazen sasoia irabazteko. Bi aldiz edo, finala galdu dut, eta besteetan ez naiz sailkatu edo ez dut jokatu. Aurten bikote gogorra dugu aurrean Goikoetxea-Lekerika. Edozer gertatu zitekeen finalean, eta kargagaz joan gara partida asko eduki ditugulako aurretik.
Begirada atzera botata, espero zuen Erkiaga txikiak horrelako ibilbidea izatea eta honaino heltzea?
Ez… Ez dut zesta asko jarraitu. Katxin, Aranburu… ez dakit nola jokatzen zuten. Lehengo pilotarien erreferentzia ez neukan, eta hasierako ametsa ez zen Estatu Batuetara joatea. Gero bai, baina hasieran ez. Txikia nintzela inguruko denek esaten zuten Estatu Batuetara joan nahi zutela, eta niri gogoa 18 urtegaz edo etorri zitzaidan, anaia bertara joan zenean.
Fisikoki indartsu egoteaz gain, psikologikoki ere indartsu egotea garrantzitsua da? Presioa, urduritasuna… Nola daramatzazu?
Duela gutxira arte ez da kirol ezaguna izan, eta nik ez nuen presioa nabaritzen. Miamin nengoenean ere, ez nuen jokatu kontratua lortzeko. Lehen adibidez, urte guztian jokatzen zen, eta emaitza txarrak lortuz gero agian kaleratu egiten zizuten. Baina niri zestaren gainbehera tokatu zitzaidan, eta beraz, ez dut hori bizi izan.
Euskal Herriko gaur egungo gazteak berriz, partidak presioagaz jokatzen dituzte, erakutsi nahian beraiek ere lekua dutela, eta nik zortez hori ez dut oraintsu arte bizi izan, beraz, desberdina da. Egia da, gero eta jende gehiagok ezagutzen gaituela, baina oraindik ez da heldu momentua galduz gero kritikak jasotzen ditudana.
Hala ere, norbere buruak eragin handia du horretan. Nik partida asko irabazi izan ditut eta digustura joan etxea, ez dudalako eman nahi nuen maila eman. Beste aldean, berriz, partida asko galdu izan ditut eta etxera pozik joan izan naiz, nire maila eman dudalako.
Zein da zuretzat irabazi duzun txapelik kuttunena edo bereziena?
Kuttunena ez daukat, baina presio gehien sumatu ditudan partidak bi munduko txapelketak izan dira, eta horregatik agian, horiek dira berezienak. Biak irabazi ditut, baina lan asko eginda atzetik, bost hilabete lehenago prestaketekin hasita geunden. Hala ere, txapelketa bera ez da hain gogorra, gainontzeko toki askotan ez dagoelako mailarik.
Hemengo txapelketak gehiago izaten dira, eta ez dut tarterik izaten presioa nabaritzeko. Iazko Winter Seriesean, esaterako, sailkatuta egotetik finalerdietara denbora pasa zen, eta Winterra gero eta ezagunagoa egiten joan zen. Orduan bai nahi nuen finalean egon eta irabaztea.
Eta, zein da frontoirik kuttunena?
Nire jokatzeko ezaugarriengatik, Gernikakoa, eta Donibane Lohizunekoa ere gustatzen zait. Gainera, azkenengo urteetan Gernikako frontoiak indar handia hartu du. Hain frontoi handia denez, erremateetan ondo ibiltzen bazara leku asko dago tantoa eskuratzeko, eta emaitzek han lagundu egiten didate.
Nola doa 2023a?
Urtea ondo, ez naiz kexatzen. Iazkoa ezin da erreferentziatzat hartu, dena irabazi genuen eta. Aurten emaitzak txarragoak dira, baina, hala ere pozik. Ez da iaz bezala, baina ezinezkoa zen hori mantentzea.
Nola ikusten duzu zesta Euskal Herrian gaur egun?
Zulo bat tapatu da. Orain zesta ezagutzen da, telebistan jararitzen da, jendeak ezagutzen zaitu kalean… Baina lan asko dago, esaterako, umeek zesta bat lortzeko oso zail daukate. Ez dago zesta egile askorik, eta garestia da, beraz edozein gurasori ezin diozu eskatu 400 euroko zesta bat erosteko.
Zulo bat tapatu den arren, asko daude tapatzeko oraindik. Profesionalena bete da, erdi ondo gaude. Gainera martxotik kontratu profesionala daukagu lehenengoz, urte guztiko soldatagaz. Baina atzetik zulo handi bat dator. Ezin da dena egun batean konpondu, baina espero dut erantzukizuna dutenek zerbait egitea konpontzeko. Zesta ez dago jendeak pentsatzen duen besteko ondo, oraindik gazteei tresna asko eman behar zaie. Erreleboa badator, baina zaila da.