Euri artean ospatu dituzte Murlako jaiak
Arratsaldean mus txapelketa, umeentzako jolasak eta Andoni Ollokiegiren kontzertua egongo dira.
Goizean euria egin duen arren, Ibarrola auzoko Murlako jaiek ez dute etenik izan. Eguerdiko mezagaz hasi dute eguna auzoko ermitan. Ostean, denak txosna inguruko karpan batu dira, duathloia noiz hasiko zain. 13:00k inguruan hasi da duathloia, bederatzi parte-hartzailegaz. Ibilbidea behin korrrika eta bi aldiz bizikletan egin behar izan dute, eta euri zaparrada artean hasi duten arren, aurrera jarraitu dute parte hartzaileek. Irabazlea Zorion Kareaga izan da, 9 minutu eta 36 segundoan ibilbidea amaituz. Bigarrena, Ander Gerrikaetxeberria izan da, Kareaga baino 20 segundo gehiagoko markagaz. Hirugarrena, berriz, Joseba Fernandez, 10 minutu eta 48 segundoan. Lehen herritarrak ere saria jaso du, Xabier Urberuagak, hain zuzen ere. Laugarren postua ere lortu du Urberuagak, 10:51ko denboragaz. Azkenik, emakumeen saria ere banatu dute, eta Izaro Aranburu aulestiarra izan da, parte hartu duen emakumezko bakarra.
Ostean, nahi izan duenak pintxoa jan eta nahi izan duenak edateko denbora eduki du, baina txinga jaurtitzea hasteaz batera auzotar guztiak elkartu dira zelai inguruan. Hamasei parte-hartzaile egon dira, eta emakumezkoa bakarra izan da. Lehenego saria Ekain Beaskoetxeak irabazi du, 11 metro eta 77 zentimetroko jaurtieragaz. Bigarrena, Jon Marurik irabazi du, 3 zentimetro gutxiagoko markagaz. Hirugarren saria, aldiz, Unax Gorostolak eraman du, 11 metro eta 54 zentimetroko markagaz.
Giro ezin hobean amaitu dute goiza auzotarrek. Bazkalostean berriro elkartuko dira ermita inguruan, 17:00etan jokatuko den mus txapelketan parte hartu edo ikusteko. Ostean, umeek ere izango dute jostatzeko aukera, 18:00etan egingo duten umeentzako jolasetan. 20:30ean, berriz, pintxo potea egingo dute, eta egun ezin hobeagaz amaitzeko, Andoni Ollokiegik kontzertua eskainiko du.