Euriak ez du XV. Gau Magikoa zapuztu
Euria egin arren, Lekitto Musika Bandak aurrera atera du XV. Gau Magikoa .
Lekitto Musika Bandak urteko hitzordu garrantzitsuenetako bat izan zuen barikuan [abuztuak 25], hamabostgarren urtez ospatzen duten Gau Magikoagaz. Urtzi Iriondo mutrikuarraren zuzendaritzapean, prest zeuden bandako kideak kontzertuagaz hasteko, baina, eguraldia ez zuten lagun izan.
Iriondok azaldu du, eguraldi oso txarra egin zuela: “Hala ere, arratsaldean jende asko etorri zitzaidan esanez kontzertua egin egin behar genuela, eta nik esan nien, euria gelditzen ez bazen, ezinezkoa zela kontzertua ematea. Lekeition ez daukagu non sartu, ez dugu aukera hori. Gainera, Gau Magikoa kaleko kontzertu bat da”.
Mutrikuarrak dio, “gauza magiko bat” gertatu zela: “Isuntza tabernako Luis izan zen denok martxan jarri gintuena. Karpa bat ipini nahian hasi zen”. Herritarrak Luis, Iriondo eta bandako batzuk karpa bat ipini nahian zebiltzala ikusi zutenean, laguntzen hasi ziren: “Herritar batek, geneukana baino karpa handiagoa ekarri zuen bere ortutik. Herrik bandari lagundu zion, eta bandak herriari”. Azkenean, kontzertua ematea lortu zuten, 22:00etan izan beharrean, 22:45ean.
“Guretzako magikoa izan zen. Bertan behera uztekotan geunden, baina esan genuen: egingo dugu. Eta hori, Isuntzako Luisi esker izan zen, bene-benetan bandari laguntzen saiatu zen”, aipatu du Iriondok.
Eguraldiaren eraginez aurreko urteetan baino jende gutxiago egon bazen ere, aterpe guztiak bete ziren, eta bandakoak “oso pozik” geratu ziren lortutakoagaz. Mutrikuarrak nabarmendu du, gustatuko litzaiokeela gertatu zenak udaletxean begiak zabalduaraziko balitu: “Ondo egongo litzateke proiektu bat, edo inbertsio bat, horrelako momentuetarako. Herri erdian gaude, eta etxeetatik, kultur etxetik, balkoietatik… karpa bat jarri daiteke. Ez bakarrik euria dagoenerako, baita eguzkirako ere. Barruko aretorik ez daukagunez, kalekoa egin daiteke”.
Eskertza. Iriondok azpimarratu du, bandako kideentzako “urte nahiko gogorra” ari dela izaten, gauza asko izan dituztelako kontran. Zuzendariak herriari eskertu nahi dio, bandako kidea izatearen garrantzia zenbatekoa den ikusten dutelako: “Kontzertu honekin argi geratzen da herria eta banda batera doazela. Arazoak alde batera utzita, herria bandagaz identifikatzen da, eta hori guretzako oso pozgarria da”.