Basamortutik Ondarroara, Yaalah Elkartearen laguntzaz
Zazpi ume sahararrek pasa dute aurtengo uda Ondarroan, hilabete eta erdiz.
Filmetan agertzen diren basamortuetatik begirada altxatuz gero, eta planoaren atzean dagoenari erreparatuz gero, munduko basamorturik lehorreneko egoera ez dela hain idilikoa segituan ikusten da. 50 gradutik gorako tenperaturak, urik ez, janaririk ez, bizi kalitatea hala moduzkoa… eta beste mila gabezia gehiago. Horrela bizi dira 200.000 saharar baino gehiago, duela 47 urte Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu zuenetik. Argeliak utzitako lur zati batean daude gaur egun, bost kanpamentutan banatuta.
Ondarroako Yaalah Elkarteak 2018tik bere aletxoa jartzen du egoera ahal duten heinean hobetzeko, aurretik ere norbanako bezala hainbat ekintza egin izan dituzten arren. Josu Etxaburu elkarteko presidenteak dio, aurretik bazegoela kezka herrian, eta baita laguntzeko gogoa ere. Horrela, 2018an sortu zuten ofizialki Yaalah Elkartea: “Eskaerak egin zuen elkartea sortzea, eta Ondarroan familia batzuk Saharatik umeak ekartzeko prest zeudenez, elkartea sortu genuen”.
Izan ere, beste hainbat ekintzen artean, Oporrak Bakean programan ere parte hartzen du Yaalahk, ume sahararrak uda pasatzera Euskal Herrira etortzeko programa. Aurtengoan, bost ume etorri dira elkartearen bitartez, baina zazpi ume saharar egon dira Ondarroan: Yunez, Salka, Mohamed, Basma, Taufa, Meriem eta Mahfoud.
Lehenengo aldiz etortzen direnean, 8 eta 9 urte bitarteko umeak dira, eta ez da egoera erraza izaten: Ez dakite euskaraz, ez dute kultura ezagutzen, ez dakite nora datozen… Oihana Ormazabal ondarroararen familian bi umek pasa izan dute uda. Lehenengoa, Fardi, 2017an etorri zen lehenengoz, eta baita hurrengo bi udetan ere. Ondoren, pandemia iritsi zen, eta ezin izan du berriro etorri. Bigarren umea aldiz, Yunez, iaz etorri zen lehenengoz, eta aurten berriro etorri da. Ormazabalek dio, hogei egunen buruan oinarrizko bizitza egiteko lain ikasten dutela: “Nik hiru ume ditut eta horrek asko lagundu digu komunikatzerako orduan. Ez dira hizkuntzarekin ulertzen, baina bai beste modu batera. Hogei egunetan ‘hondartza’, ‘bainatu’, ‘komuna’, ‘jan’, ‘egarria’ eta antzeko hitzak zekizkien eta esaldi laburrak osatzen zituen”.
Etxaburuk aipatu du agian ulertu ez dutela ulertuko, baina horrelako kontuak buruan geratzen zaizkiela: “Bizirauteko sena piztuta dute, eta baita beste hainbat gaitasun ere, guk lo ditugunak. Guk inoiz ez dugu premiarik eduki horretarako: gure bizitza beraiek bizi izan duten egoera latzetan aurrera ateratzeko. Horregatik, erraz harrapatzen dute hizkuntza, eta naturaltasunez”.
Bizirauteko sena martxan ikusi dute Etxaburuk eta Ormazabalek, biak izanak baitira Saharan. Begiekin ikusitako egoera eta gorputzarekin bizitakoa oso zaila da hitzez azaltzen, eta are zailagoa idazten: “Sentimendu asko aurkitzen dituzu bertan, beste mundu bat da. Basamortua da, baina basamortu hutsa. Hemen bezala, zonalde bakoitza desberdina da, eta gune batzuetan hobeto bizi dira beste batzuetan baino. Ni egondako toki batean ez zegoen argirik, ur bidoi bakarra zegoen hainbat familiaren artean banatzeko… Kanpin-denda moduko batzuetan bizi ziren, bertan jan, bertan lo egin… Bihotza apurtuta bueltatu nintzen Euskal Herrira”.
Argi eta garbi esaten omen dute sahararrek, eta Etxaburuk eta Ormazabalek ere hala azpimarratu dute: “Beraiek oso barneratuta dute basamortuan ez dutela ezer egonkorra egin nahi, hori ez delako beraien lurra. Egunen batean Mendebaldeko Saharara itzultzeko esperantza dute. Ez da hondar fineko basamortu idilikoa, baizik eta harriz betetako desleku bat da. Ez da pertsonak bizitzeko tokia, eta 200.000 lagun bizi dira bertan”.
Bertara joan eta kultura desberdina dutela segituan sumatzen omen da, eta Ormazabalek dio hona etortzen diren umeek ere segituan ikasten dute hemen zer egin dezaketen eta han zer: “Yunezi asko gustatzen zaio dantzan egitea, eta mugikorrarekin grabatu izan diodanetan esaten zidan: hau amari ez bidali. Saharara itzuli aurretik esan nion: Yunez, datorren astean erakutsi gurasoei nola egiten duzun dantzan. Eta berak ezetz, han ezin zuela hori egin. Hala ere, onartuta daukate beraien kultura horrela dela, eta ez dute txarto eramaten”.
Umeak etortzen diren bigarren urtea, lehenengoa baino errazagoa izaten dela aipatu dute biek: “Lehenengo urtean umeak ez daki nora doan, ze toki, ze familia, hizkuntza… Baina bigarrenean bai, eta gozatzera etortzen dira. Horrez gain, ume bakoitza eta familia bakoitza mundu bat da. Horregatik, nire etxean agian ume bat ondo egongo da, eta zurean ez. Etortzen diren ume guztien artean egongo da esperientzia negatiboren bat ere, baina guk ezin dugu horrelakorik kontatu, ez daukagu eta”.
Hala ere, Etxaburuk dio zailtasunik handiena familiak aurkitzea dela: “Pandemiaren aurretik familia gehiago zeuden, baina gero beste premia batzuk ere sartu dira, Txernobileko umeak adibidez, eta denari ezin zaio erantzun”. Yaalah Elkartekoak urtero saiatzen dira familiak ume sahararrak ekartzera animatzen, zenbat eta familia gehiago, orduan eta ume gehiagok pasako dutelako uda bizi baldintza onetan: “Elkartearekin kontaktatu, berba egin harrera familia izan direnekin eta konturatuko dira askotan beldurrak gureak izaten direla. Umeak etorri orduko gure beldur guztiak desagertzen dira. Asko erakusten digute, eta baita asko lagundu ere”.
Oporrak Bakean proiektu handia dela aipatu dute, eta hasiera duen moduan, amaiera ere baduela: “Domekan [abuztuak 27] itzuli ziren beraien etxeetara umeak. Hilabete eta erdi inguru egon dira hemen, baina asko irabazi dute osasun aldetik. Hemen ere egon nahi dute, baina itzultzeko ordua iristen denean, askok hara ere itzuli nahi izaten dute, bertan daukatelako familia eta bizimodua. Guk bitartean, ahal duguna egiten dugu hemendik”.
Irakaspen asko uzten dituen esperientzia dela nabarmendu dute biek, bai umea ekartzea, bai bertara joatea, eta baita elkartean lan egitea ere: “Laguntzeko prest dagoenari elkartearekin bat egitera animatzen diogu, ze, zoritxarrez, harek han daude, eta agian han jarraitu beharko dute urte askotan. Arazoaren oinarria politikoa da, eta horrek erantzuna duenean itzuli ahal izango dira Mendebaldeko Saharara. Gustura utziko dute basamortua, eta beraien herrira itzuliko dira. Hori gertatu bitartean, guk ahal duguna egiten jarraituko dugu. Ea familia gehiago animatzen diren Lea-Artibai eta inguruetatik, zenbat eta familia gehiago, orduan eta ume gehiagok pasako baitute uda hemen”.
Etxaburuk bereziki familiei egiten duten lana eskertu nahi die, izan ere, ez da lan erraza: “Hau konfiantza kate bat da. Han hasten da, hango familiagaz, eta hemen amaitzen da, hemengo familiagaz. Harrera familiek hartzen duten ardura sekulakoa da, eta bizimodu berrira egokitzea ezinbestekoa da. Familiek gogo onez egiten dute, dena umearen alde, eta familiak dira guzti honen oinarria. Horrelako familiei esker umeak hilabete eta erdi egongo dira basamortutik kanpo, medikuarengana joateko aukera izango dute, ondo pasatuko dute… Umeari bizitza ematen ari dira, eta ezin dugu hori ahaztu”.
Laguntzeko gogoa duenak elkartearekin batzeko hurrengo aukera irailaren 16an edukiko du, Yaalah Elkartearen bosgarren urteurrena ospatuko dutelako: “Bazkari herrikoia egingo dugu Sahararen alde, eta tokia edukiko dugu Sahararen alde guztion artean hitzegiteko ere. Bost urte betetzen ditugula ospatu, eta ospatzeaz batera, Sahara lehenengo planora ekarri. Hitzegiten ez dena badirudi ez dela existitzen, baina hor dago. Gu hara joan izan garenetan beti esan izan digute beraien egoera kontatzeko: nola bizi diren, zein den egoera, zergatik ez duten hor egon nahi… Eta gu horri ere erantzuna ematen saiatzen gara”.