Anteronen jaitsieragaz batera, badatoz Lekeitioko San Antolinak
Bihar [irailak 1] hasiko dira Lekeitioko San Antolin jaiak. Zortzi eguneko egitarau oparoa dute aurretik lekeitiarrek, eta jende asko espero dute herrian.
San Antolin bezperagaz batera, bihar [irailak 1] hasiko dituzte jaiak Lekeition. Zortzi eguneko egitaraua dute aurretik lekeitiarrek, gustu guztietarako ekintzaz josita. Aurtengoan, Lekeitioko Udalak apustua egin du herriko eragile desberdinen alde. Ander Aldazabal Lekeitioko alkateak azpimarratu du Txosna gunearekin, Parkeko gunearekin eta baita tabernariekin ere “hartu-emanak” izan dituztela: “Aurrerantzean nahiko genuke horretan sakondu, herriko jaiak herriak egiten ditu eta”.
Hilaren 1a beti izaten omen da “berezia” herritarrentzat, baina baita Antzar Eguna eta gainontzekoak ere. Bi egun horiek diren arren Lekeitioko inguruetatik jende gehien erakartzen dutenak, herritarren artean aipatzekoa da domekan [irailak 3] egingo duten paella txapelketa ere. Aurten, inoiz baino jende gehiagok eman du izena: guztira 66 kuadrilla daude. Bestetik, domekan bertan Parkeko Guneak antolatu duen buruhandi tailerrean ere “ume piloa” apuntatu dira, eta beraz, bi tailer antolatu behar izan dituzte. Tailerrean egindako buruhandiak, Markinako eta Lekeitioko buruhandi eta erraldoien topaketan ikusgai egongo dira.
Aurtengo berrikuntzetako bat, astelehenean iritsiko da. Hilaren 4an, beste herrietatik ekarritako suzko zezenen kalejiraren partez, Correfoc festa egongo da Lekeitioko Deabruen eskutik. Horrez gain, azken urteetan egon ez den arren, aurten hilaren 7an herri kirol erakustaldia egongo da.
Musikak ere izango du bere tartea jaietan, eta herritan guztien nahiak asetzeko moduko egitaraua antolatu dute. Bihar, esaterako, Oihan Vega egongo da. Etzi [irailak 2], aldiz, Liher eta Su Ta Gar taldeen kontzertuak egongo dira, eta domekan, Gozategigaz gozatzeko aukera egongo da.
Horrez gain, oinezkoei lehentasuna emateko, zirkulazio mozketak egongo dira hainbat egunetan. Bihar [irailak 1] kuadrillen jaitsierak iraun bitartean ezingo da herriaren erdigunera sartu, 19:00etan hasi eta 21:30era arte. Horrez gain, bai bihar eta baita etzi ere, jende asko egongo balitz, Aranzibia bidegurutzetik Elizako torrera ere bidea itxiko da, 01:00ak arte. Norabide aldaketa Mendexatik bideratuko da.
Antzar Egunean, irailaren 5ean, Lekeitioko sarbideak 11:00etatik 20:00etara itxiko dira, eta goiko biribilgunetik Artadirantz bideratuko dituzte ibilgailu guztiak. Autobus pribatuentzako deskarga gunea eta aparkalekua Gardatarako bide zaharrean egongo dira. Horrez gain, jende pilaketaren arabera Lekeitioko erdigunea 01:00ak arte itxita egon daiteke.
Inguruko herrietatik “jende asko” joatea espero dute udaleko ordezkariek, eta beraz, garraio publikoa erabiltzea gomendatzen dute. Horretarako, Lurraldebusek ohiko zerbitzua mantenduko du, baina Bizkaibusek zerbitzu bereziak jarriko ditu jaietan, bai Lekeitiora joateko, nahiz bueltatzeko. Horrez gain, Gababus zerbitzua ere egongo da irailaren 1ean Amoroto, Aulesti, Berriatua, Etxebarria, Gizaburuaga, Ispaster, Markina-Xemein, Mendexa, Munitibar eta Ondarroara itzultzeko, beti bezala, 03:00etan eta 05:00etan.
Jaietan ahalik eta zabor gutxien sortzeko eskatu du Lekeitioko Udalak, eta sortzen den zaborra dagokion edukiontzira botatzeko: “2022an 18.820 kilo zabor batu ziren, horietatik erdia baino gehiago (11.180 kilo) Antzar Egunean sortutako izan zen”. Horri irtenbidea emateko, edukiontzi kopurua handiko da, baina nabarmendu dute, garrantzitsuena ahalik eta zabor gutxien sortzea dela.
Horrez gain, komun kopurua eta hauen kalitatea indartuko dute. Horretarako, gune jendetsuenetan komunak jarriko dira zaintzailearekin, “gunearen garbitasuna bermatzeaz gain, erabiltzaileentzako segurtasuna handituz”. Antzar Egunean komun gehigarriak ere jarriko dira.
Jaiak herritar guztiek gozatzeko direnez, Lekeitioko Udalak txartel bat banatuko die aniztasun funtzionala duten umeei, askotan ilaran egitekoa ezinezkoa izaten baitzaie. Txartel honi esker, “barraka gunean eta baita jaietan egongo diren puzgarrietan sartzeko ere lehentasuna” edukiko dute. Txartela eskuratzeko eskaera udaleko bulego orokorretan egin beharko da. Horrez gain, etzi [irailak 2] eta hilaren 7an, 17:00etatik 19:00etara feria gunean ez da musikarik egongo.
Protokolo feminista
Lekeitioko Udalak eraso matxisten aurkako protokoloa jaietarako egokitu du, eta Ane Koskorrotza Parekidetasun zinegotziak adierazi du “ahalegin berezia” egin dutela kontzientziazioan eta prebentzioan. Horretarako, udalak bat egin du gaur [abuztuak 31] Mugimendu Feministak egingo duen mobilizazioagaz: “Uste dugu horrek, jaiak hasi orduko, eraso matxisten aurrean herriak duen jarrera erakusten duela”.
Horrez gain, puntu morea jarriko dute bihar [irailak 1] eta hilaren 5ean, kontzientziazioa zabaltzeko eta eraso baten aurrean nola jokatu azaltzeko asmoz. Bestalde, gune arriskutsuak izan daitezkeenak seguruago egiten saiatu dira, eta horretarako, herritarren zerbitzura jarri diren komunetan pertsona bat egongo da: “Eraso baten aurrean, gerturatu erasotuarengana, laguntza eskaini, arretaz entzun eta erasotuaren erabakiak errespetatu, inoiz bere berbak zalantzan ipini barik”. Lehentasuna segurtasuna dela adierazi dute: “Berehalako laguntza lortzeko jo osasun etxera edota deitu 112 zenbakira”.