Milloiko San Antolinak, txapelketa artean
Bihar [irailak 1] hasiko dira Berriatuko Milloi auzoko San Antolinak, eta asteburu guztiko egitaraua antolatu dute.
Badatoz aurten ere Berriatuko Milloi auzoko San Antolin jaiak. Bihar [irailak 1] hasi eta asteburu guztian luzatuko dira, hiru eguneko egitarauagaz. Gogotsu daude auzotarrak, auzolanari esker antolatutako jaiak hasteko.
Milloi Auzo Elkarteko kideetako batek adierazi du txapelketek eta karta jokoek “jende asko” erakartzen dutela, eta txapelketak izango dira hain zuzen ere jaietako protagonista. Bihar, San Antolin bezperagaz, 20:30ean 26. Mus Txapelketa egingo dute, sari potoloak irabazteko aukeragaz.
Etzi, 13:00etan XVIII. Txapel Jaurtiketa egingo dute, eta 18:00etan, berriz, 25. Briska Txapelketa. Domekan, 21. Triatloi Berezia egingo dute: “Domekan jende asko egoten da. Triatloi Bereziak herriko jende asko erakartzen du, eta horrez gain, bazkaria egiten dugu auzo elkartean. Hor ere jendea elkartzen da, 120 lagun inguru”.
Arratsaldean ere, auzotarrek ez dute aspertzeko astirik edukiko. Bazkariaren ostean, 18:00etan idiprobak egongo dira. Milloiko 24. Perran Saria lehiatuko dute, Bikandi eta Bizkiz berriatuarrek, Solaguren zornotzarrek eta Etxabe eta Palazio aizarnazabaldarrek.
Musikak ere jendea erakartzen du, “gazteria gehien bat”. Gazteen nahiei erantzuteko, bihar 23:00etan Karkaxi, Muzak eta Belarri Fuckers taldeen kontzertuak egongo dira, eta ostean DJ Txosek girotuko du gaua.
Etzi [irailak 2] gazteen partez, umeak izango dira protagonista, 18:30ean umeen jolasak egingo baitituzte. Duathloia, aulki jokoa, buruhandiak… aukeran egongo da, ume guztiak pozik geratu daitezen.
Azkenik, domekan, musika bertso formatuan egongo da, 12:30ean. Eguerdia girotuko dute Uxue Alberdi eta Miren Amuriza bertsolariek. Jaiekin amaitzeko, idi proben ostean otzara eder baten zozketa egingo dute.
Auzolana. Auzo Elkarteko kideetako batek azpimarratu du denen parte hartzea dela beharrezkoa eta baliagarria: “Bakoitzak bere aletxoa jartzen du, bere eginkizuna du bakoitzak eta denok gara beharrezkoak”. 3 egun diren arren, ardurak hartu behar dira, eta denen arteko lana da jai hauek aurrera ateratzeko klabea: “Gazteek indarra ematen dute eta nagusiek esperientzia”.