Kalatxoriek irabazi dute Lekeitioko San Antolin jaietako 36. bajadako sari nagusia
Beti bezain koloretsu hasi dira gaur [irailak 1] Lekeitioko San Antolin jaiak ohiko bajadagaz. Lekeitiarrek egun osoa bakarrik ez, egitarau luze eta oparoa dute aurretik.
Lekeitioko San Antolin jaiek eztanda egin dute gaur [irailak 1]. Beste urte batez gogotsu hartu dituzte lekeitiarrek jaiak, bajada eguna gainera egun berezienetakoa da Antzar Egunagaz batera. Hutsik egin ezin den egun horietako bat. Kuadrilla desberdinek goizetik hartu dituzte herriko kaleak mozorroturik, zein baino zein ederragoa eta originalagoa. Batzuek mozorro klasikoen aldeko apustua egin dute, baina beste batzuek, berriz, gaurkotasuna izan dute gehiago presente.
36. bajada osatu eta gero, plaza mozorro guztien kolorez bete da, benetan koloretsu zegoen Lekeitio. Gainera, eguraldiak hodeiekin euria mehatxatzen bazuen ere, ez du euririk egin. Aurten, Asier Uskola izan da txupineroa, San Pedro Egunean azken urtez dantzatu zuen Kaxarranka 20 urteren ostean. Azken dantzan bezain hunkituta egon da: «Gora sanantolinak!». Gainera, Ander Aldazabal alkate berriaren lehen sanantolinak izan dira eta guztiaren gainetik “errespetua” eskatu du. Plaza lepo beteta zegoenean jaitsi da Antero jaietako protagonista nagusia kanpandorretik.Â
IKUSI ARGAZKI GALERIA ZUZENEAN
Jaiak eztanda egin bezain laster 36. bajadako sariak jakinarazi dituzte:
- KITTO saria: Zer diñozun “Fashion Week”
- Sari berezia: San Antolin Rozierak
- Umeen saria: Karroko Roziero Andaluzak
- Nagusien saria: “Eutsi Pintxuari” Kalatxoriak
Egitarau luzea dute aurretik lekeitiarrek. Ekintza asko dituzte kirolak, jolasak, bertsoak edota musika. Zelan ez, asko eta asko, herritarrak zein kanpotarrak Antzar Eguna iritsiko zain egongo dira. Hala ere, asteburuan egiteko asko dago Lekeition.