Atsedenik ez, Lekeitioko San Antolin jaietan
Lekeitioko Udalak jakinarazi eta “gogor” salatu du barikuan [irailak 1] parkeko gunean emanadako hitzezko eraso homofoboa. Domekan [irailak 3] 27. Paella Txapelketak ia 1.000 lagun elkartu zituen.
San Antolin jaiek ez dute etenik, egunik famatuenak Bajada Eguna eta Antzar Eguna badira ere, jaiek irauten duten zortzi egunetan egiteko asko dago herrian. Zapatuan [irailak 2] oraindik bajadako ajea gainetik ezin kenduta, herritarrak kalera irten ziren.
Hori bai, zenbait aldaketa izan ziren eguraldiagatik egitarauan. Esate baterako, Lekitto Musika Bandaren eguerdiko kontzertua bertan behera utzi behar izan zuten eta bertso saioa merkatu plazara lekualdatu. Hala ere, asko izan ziren bertsoetaz gozatzera irten zirenak. Maialen Lujanbiok, Nerea Ibarzabalek eta Saioa Alkaizak txapeldunen maila erakutsi zuten, entzuleen gozamenerako. Gauean, antolakuntzak su artifizialak eguaztenera [irailak 6] aldatu behar izan zituen. Bestelako sua erakutsi zutenak, berriz, Su Ta Gar taldeko kideak izan ziren, plaza bete zuten beteranoek.
Domekan [irailak 3] goiz-goizetik ere plaza bete egin zen. Lekua hartu beharra zegoen 27. paella txapelketarako. 66 taldek parte hartu zuten eta guztira 69 paella aurkeztu, hau da, 974 pertsona elkartu ziren plazaren inguruan. Kiskirra taldeak lortu zuen lehen saria. Hurrengokoa izan zen sailkapena:
- Kiskirri
- Errekerre
- Potorruak
PAELLA TXAPELKETAKO SAILKAPEN OSOA
Lehen sailkapena Bigarren sailkapena eta Hirugarren sailkapena
Paella lehiaketan parte hartu ez zutenek, herriko txikienek batez ere, askotariko ekintzak izan zituzten haientzat diseinatutako Parkeko Gunean. Erraldoien tailerrean 60 umek eta 60 nagusik haien buruhandiak diseinatu eta egin zituzten. Horrez gain, dantza body, puxikak edota sormen tailerrak ere egon ziren beste ekintza askoren artean.
Erasoa. Lekeitioko Udalak jakinarazi eta “gogor” salatu du barikuan [irailak 1] parkeko gunean emanadako hitzezko eraso homofoboa. “Denon askatasuna da lehena, eta hori elkarrenganako errespetu osotik dator. Ez dogu ezelako erasorik onartzen ez Lekeition eta ez inon! Ez badakizu egoten, geratu etxian!”.