Kontxako lehen jardunaldian zortzigarrena izan da Ondarroa
Bigarren txandan aritu zen Ondarroa, Kontxako lehen jardunaldiko irabazlea izan zen Urdaibaigaz batera, eta horiengandik 40 segundora helmugaratu zen. Lehen luzean euren txanda berean uretaratu ziren Cabo eta Getariaren erritmoari eutsi zion 'Antiguako amak'.
Jokoan da Donostiako 128. bandera, eta atzo lehiatutako lehenengo jardunaldian zortzigarrena izan zen Ondarroa. Bigarren txandan aritu zen trainerua, Kontxako lehen jardunaldiko irabazlea izan zen Urdaibaigaz batera, eta horiengandik 40 segundora helmugaratu zen. Lehen luzean euren txanda berean uretaratu ziren Cabo eta Getariaren erritmoari eutsi zion Antiguako amak, baina bigarren ezin izan zuen erritmo hori mantendu.
Hondarribia, Orio, Donostiarra eta Zierbena aritu ziren lehen txandan, eta lehen txandako horiek jarritako denborak gutxitu behar zituzten bigarren txandakoek, erreferentziarik barik. Lehen txandako lehenengo metroetan, Hondarribiak eta Oriok hartu zuten protagonismoa lehenenego eta bigarren kaleetan. Kale horietan korronteen eragina nabaria zen, eta bultzada hori aprobetxatu gura izan zuten bi taldeek. Bitartean, hirugarren kaleko Zierbena atzean geratzen zihoan, Donostiarraren antzera. Hondarribia nagusitzen joan zen apurka-apurka, eta hiru segundoko tarteagaz aurretik jarri zen luze erdian. Lanerdietarako, uste baino tarte handiagoak ikusi ziren lau ontzien artean: Hondarribia buruan, Orio lau segundora, Donostiarra zazpira eta Zierbena 11ra.
Tarte horiek handitzeko aukera aprobetxatu gura izan zuen Ama Guadalupekoak, baina egonkor mantendu ziren desberdintasunak azken 500 metroetara arte. Zierbenak 7 segundora gutxitu zuen denbora, eta estutu egin ziren denborak Orio, Donostiarra eta Zierbenaren artean. Hondarribiak aurretik jarraitu zuen, eta lehen txandan 19.21eko denboragaz gailendu zen; Donostiarra 3.12ra sartu zen, Orio 3.88ra eta Zierbena 6ra.
Erlojupekoa.
Bigarren txandan, Hondarribiaren denbora hobetzera atera ziren Urdaibai, Ondarroa, Getaria eta Cabo, baina Urdaibairen nagusitasuna lehen metroetatik igarri zen. Bi minututan, lau segundoko tartea atera zion Getariari, bostekoa Cabori eta seikoa Ondarroari. Erlojuaren kontrakoa hasi zuen orduan Bou Bizkaiak, lehen txandakoen erregistroak botatzea helburu hartuta. Lanerdietan, baina, Hondarribiaren denboratik urrun zegoen, eta bueltako luzean estropara lehertu zuten.
Erritmoa bizitu zuten. Estutzeko egin zuten. Eta modu progresiboan zabaldu zuten tartea txandako aurkariekin. Cabo eta Getaria denbora berean zeuden bueltako luzeko lehen metroetan, eta Ondarroa atzean geratuz joan zen, Cabo eta Getariarengandik sei segundora. Azken mila metroak bakarrik egin zituen Bou Bizkaiak, hegan, baina erreferentziarik barik, ezinezkoa zen jakitea Hondarribiari tartea txikitu ote zion. Azkenean, bai: segundo eta 25 ehunenetan hobetu zuten Ama Guadalupekoaren denbora. Cabo 27 segundora sartu zen, eta Getaria ehunen eskasera. Ondarroa 40 segundora ailegatu zen.
Bigarren jardunaldiari begira, aldeak estuak dira, eta ohorezko txandan parez pare ariko dira taldeak. Hala ere, lehenengo txandan ariko den Zierbena ere kontutan hartu beharko dutela diote Urdaibaiko arraunlariek.
128. Gizonen Kontxako Bandera
- 1. Urdaibai 19.20,92
- 2. Hondarribia 19.22,17 (+1,25)
- 3. Donostiarra 19.25,11 (+ 4,19)
- 4. Orio 19.25,89 (+4,97)
- 5. Zierbena 19.28,67 (+7,75)
- 6. Cabo 19.48,60 (+27,68)
- 7. Getaria 19.49,12 (+28,20)
- 8. Ondarroa 20.01,04 (+40,12)
Tolosaldeak, ezustekoa.
Kontxako 16. banderaren lehen jardunaldia lehiatu zuten emakumezkoek, eta bigarren txandan lehiatu zuen Tolosaldeak eman zuen ezustekoa atzo. Lehia handia espero zen, eta hala izan zen, Kontxako badiako azken metroetan erabaki baitzen garailea.
Oriok markatu zuen denborarik onena lehen txandan, eta hori hobetu gura zuten bigarren txandakoek. Hala, Donostiarra, Tolosaldea eta Arraun Lagunak parez pare aritu ziren lehen luzean, Hondarribia atzeratzen zihoan bitartean. Ziabogarainoko luzean, Donostiarrak eutsi egin zion lehen postuari, hiru segundoko tartea zabalduz Tolosaldea eta Arraun Lagunak-en traineruei, eta Oriok egindako denbora segundo bakarrean hobetuz.
Bigarren luzean, Tolosaldeak bizitu egin du denbora, eta 700 metroren faltan, aurretik jarri da. Berdintasuna nagusi zen orduan, Tolosaldearen atzetik segundo bakarrera baitzeuden Donostiarra eta Arraun Lagunak. Dena zegoen erabakitzeko, eta parez pare helmugaratu dira hiru ontziak. Hala ere, Tolosaldea aurreratu da, Arraun Lagunak baino 18 ehunenen lehenago helmugaratuz. Donostiarra bi segundora sartu da, eta Hondarribia 21era. Denbora horregaz, Ama Guadalupekoa ez da ohorezko txandan egongo, eta Tolosaldeak, Arraun Lagunak-ek, Donostiarrak eta Oriok lehiatuko dute azken txanda hori.
16. Emakumeen Kontxako Bandera
- 1. Tolosaldea 10.37,64
- 2. Arraun Lagunak 10.37,82 (+0,18)
- 3. Donostiarra 10.39,80 (+2,16)
- 4. Orio 10.42,30 (+4,66)
- 5. Hibaika 10.57,22 (+19,58)
- 6. Hondarribia 10.59,32 (+21,68)
- 7. Zumaia 11.04,86 (+27,22)
- 8. Kaiku 11.15,56 (+37,92)