Ondarroako Augustin Zubikarai lehiaketa martxan dago
2.000 euro gehiagoko saria eskainiko du aurten Ondarroako Udalak. Urriaren 13a izango da lanak aurkezteko azkenengo eguna.
Euskal idazleen harrobi izaten jarraitzeko asmoz, 2023ko Augustin Zubikarai nobela beka lehiaketan parte hartzeko epea zabaldu du Ondarroako Udalak; lanak aurkezteko azkenengo eguna urriaren 13a izango da.
Aurten, 2.000 euro gehiagoko saria ezarri dute, hortaz, 8.000 euroko saria eskuratuko du proiektu irabazleak. Nerea Lorenzo Euskara batzordeburuak erakunde publikoek duten eginbeharra nabarmendu du: “Euskarazko sorkuntza bultzatzeko ahaleginak erakunde publikoetatik etorri behar direla uste dugu, eta oraingoan, hau da gure apustua”. Hain zuzen ere, Mikel Alvarez pasaden urteko irabazlearen Euskalia liburuaren aurkezpenean jakitera eman zuten erabakia hartzeko nahia: “Aurreko agintalditik udal gobernuak eskuartean zeukan neurria da orain hartu duguna”.
Lehiaketan parte hartu nahi dutenek bi bide izango dituzte lanak aurkezteko; batetik, telematikoki egiteko aukera egongo da ondarroa.eus web orriaren bitartez, eta bestetik, aurrez aurre eramateko aukera egongo da Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (Kanttoipe kalea, 3, behea, Alamedatik sartuta). Horrez gain, zalantzak argitzeko 946 833 672 telefonoa jarri dute eskuragarri, eta baita ere orokorra@ondarroa.eus posta elektronikoa.
Sariketara euskara hutsean sortutako proiektuak aurkez daitezke. Era berean, lan horiek jatorrizkoak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu gabeak izan beharko dute. Parte hartu nahi dutenek, ondorengo informazioa bidali beharko dute:
- Landu nahi duen kontakizunaren azalpena (2.000 eta 6.000 karaktere bitartean) ezaugarriak zehaztuz, hala nola, argumentua, egitura, luzera, estiloa, etab.
- Idazlanaren lagina (15.000 eta 40.000 karaktere bitartekoa) ez du zertan hasiera izan behar, baina bai kontakizunaren zati bakarra osatzen duena.
- Egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiria eskaneatuta.
Udalak izendatutako epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertuko ditu eta irabazlea izendatuko du urriaren 31 baino lehen. “Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utzi dezake epaimahaiak”. Irabazleak urtebete izango du aurkeztutako proiektutik abiatuta nobela bat idazteko, ondoren Elkar argitaletxearen bitartez argitaratuko da.