Galbaixo Txiki eguneko marmitako lehiaketan izena emateko epea zabalik dago
Parte hartu nahi dutenek irailaren 12ra bitartean izango dute izena emateko aukera.
Mutrikuko Galbaixo Txiki Egunean [irailak 15] egingo den marmitako lehiaketan izena emateko epea zabalik dago. Parte hartu nahi dutenek irailaren 12ra arte izena eman ahalko dute, ohi legez, Albaro dendan edo Sabinan. Izena ematerakoan, talde bakoitzak hamar euroko fidantza jarri beharko du.
Txoko Eder elkarteak, Mutrikuko Udalaren laguntzarekin, antolatzen duen marmitako lehiaketan gehienez ere hamasei taldek izena eman ahalko dute lehiaketan. Talde bakoitzean gehienez ere bi lagun egon ahalko dira, eta talde bakoitzak hamasei lagunentzako marmitakoa prestatu beharko du.
Lehiaketa 10:00etan hasi eta 13:00etan amaituko da. Ondoren sari banaketarekin hasiko dira, 14:00etan, hain zuzen ere. Sariak banatu ostean, ohi legez, enkantea egingo da. Antolatzaileek aipatu dutenez epaimahaiaren erabakia aldaezina izango da.
Guztira sei sari banatuko dituzte:
- Lehen postuan geratzen direnek txapelak eta 250 euro eskuratuko dituzte.
- Bigarren eta hirugarren geratzen direnek 175 euro eta garaikurra eta 100 euro eta garaikurra, hurrenez hurren.
- Azken hirurek, ostera, sari bera jasoko dute: bi ardo botila eta garaikurra.
Osagaiak eta marmitakoa egiteko tresnak. Antolatzaileek talde bakoitzari hiru kiloko hegaluzea, 4,5 kilo patata, olioa, gatza eta sua emango dizkiete. Hortaz, talde bakoitzak prestakuntza lanetarako beharrezko materiala eraman beharko du, hala nola: lapikoa eta sukalde tresnak, piper berdeak edota gorriak, txorizo-piperrak, tipula, ogia, pipermina eta tomatea. “Osagarri horiez gain, barazkiak ere onartuko dira, baina beste ezer ez gehiago. Ezin da kondimenturik erabili”.