Giroa ez da falta izan Milloiko jaietan
Auzo Elkartekoak "oso gustura" geratu dira jaiek izan duten erantzunagaz eta eskerrak eman dizkiete hurbildutako guztiei.
Auzolana eta giro bikaina izan dira nagusi Berriatuko Milloi auzoko San Antolin jaietan. Irailaren batean abiatu zituzten jaiak, eta hiru eguneko egitarau oparoagaz gozatzeko aukera izan dute auzotarrek eta hurbildutako guztiek. Auzo Elkarteko kideak oso pozik daude jaiek izandako erantzunagaz: “Jai batzordekoak oso gustura geratu gara jendearen erantzunarekin, nahiz eta eguraldiak larregi ez duen lagundu, egitarau guztia betetzeko gai izan gara moldaketa txiki batzuk eginda”.
Txapelketak eta herri bazkaria izan ohi dira jaietako protagonista nagusiak, eta aurten ere, ez dute hutsik egin. Mus txapelketak, briska txapelketak eta txapel jaurtiketak jende asko erakarri zuten. Adin tarte guztiei bideratutako jaiak antolatu dituzte auzotarrek, eta gazteei begira Karkaxi, Muzak eta Belarri Fuckers taldeen kontzertuegaz gozatzeko aukera izan zuten bariku gauean.
Duathloia, aulki jokoa, buruhandiak eta umeen jolasak izan ziren eguneko protagonista zapatuan, hau da, umeak gozatzeko aukera aparta izan zuten, eta ez zuten hutsik egin. Domekan, berriz, Uxue Alberdi eta Miren Amuriza bertsolariak izan ziren jai giroa ezartzeko ardura izan zutenak. Arratsaldean, idi probak lehiatu ostean, otzara “eder” baten zozketa egin zuten, zenbaki saritua: 1.231.
Auzo elkarteko kideek eskerrak eman nahi izan dizkiete parte hartu duten guztiei: “Milloitik eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu hurbildu direnei, baita jai hauetan parte hartu eta lagundu duten guztiei ere. Auzolana eta lagunarteko giro bikaina izan dugu”.