Juan Antxieta konpositore eta abadea gogoratuko dute Ziortzako Kontzertuetan
Kontzertu zikloan, besteak beste, bi organo kontzertu "berezi" eskainiko dituzte, eta Roberta Mameli italiar soprano ospetsua Ziortzako Kolegiatan izango da.
Datozen bi asteburuetan izango dira 35. Ziortzako Kontzertuak, eta oraingo honetan ere, maila goreneko musikariak bilduko ditu.
Organoak dira ziklo horren bereizgarrienetako bat, eta beste urte batez, Zenarruzako bi organoen berezitasuna nabarmendu dute antolatzaileek. Hala, bi kontzertu “berezi” eskainiko dituzte: “Organoak oso garrantzitsuak dira; Ziortzan daukagun berezitasuna organoak dira. Irailaren 10ean eta 17an, konpositore berezien eskutik, organo kontzertuak izango dira meza nagusiaren ostean. Hain zuzen ere, organoen berezitasun hori dela eta, konpositore bereziak ere behar dira organo horiek jotzeko”.
Lehenengo asteburuan, Mateo Flecha konpositore eta fraile katalanaren obragaz, monografikoagaz, hasiko dute aurtengo programa. “Genero polifoniko bat sustatu zuen: entsalada. Lauzpabost ahotsez osatutako konposizioak dira, instrumentuekin konbinatuta, eta ospe handia lortu zuten jauregietako jaietan, gortesauen dibertsiorako pentsatuak izan baitziren”.
Domeka eguerdian, berriz, Yasuko Uyama Boubard piano jotzaile eta konpositore japoniarrak eskainiko du organo kontzertua. Bezperan ariko den Les Sacqueboutiers taldeko kidea da, eta kontzertuan zehar, Zenarruzako bi organoak “uztartuko” ditu. “Joseph Etxebarriaren 1686koan, esaterako, XVI. eta XVII. mendeetako lanak joko ditu: Cabezon, Correa de Arauxo, Cabanilles, Merulo… J.M. Arrizabalagaren 1993koan, aldiz, J.S. Bachen lanak. Etxebarriaren organoa Euskadiko organorik zaharrena da. 1686an eraiki zen estilo plateresko preklasikoan, eta bere ezaugarririk nabarmenetako bat artilleriako hodiak dira, hau da, instrumentuaren fatxadan agertzen diren tronpeta horizontalak, erabateko iraultza XVII. menderako”.
Domeka arratsaldean, berriz, Sebastian Duronen obra berezi batzuk eskainiko dituzte, Albert Recasens zuzendari katalanaren gidaritzapean. Konpositore eta organista espainiarrari buruzko lan monografikoak Berrogei Orduetarako Musika izango du oinarri. Recasensek Duronen zenbait lan ikertu eta berreskuratu ditu: “Lan horiek Hilobi Santuan Jesukristoren hilotza zaindu zuten denbora oroitarazten eta islatzen dute, Gurutzetik jaitsi zutenetik berpiztu zenera arte. Otoitzari egindako gurtza hori XII. mendean hasi zen, eta oso ezaguna izan zen Italiako hainbat hiritan, Erroman eta Milanen, adibidez. XVII. mendean, Madril, Zamora eta beste zenbait hiritara iritsi zen, eta baita Mundu Berriraino ere, Mexiko izan baitzen gurtza hori ezarri zen lehen tokietako bat. Jesuitak izan ziren ohitura horren transmisioaren arduradunak”.
Roberta Mameli italiar soprano ospetsua ere Ziortzako kolegiatan izango da hilaren 16an: “Barroko munduan soprano ospetsua da, eta mitologiaren eta musikaren inguruko programa egingo du”. Etxeko orkestragaz ariko da, Propotoa Sydera Orkestra Barrokoagaz; mitologiak musikan izandako rolari buruzko programa osatuko dute, Vivaldiren, Graunen eta Haendelen lanekin. Batik bat atzerrian musika barrokoa ikasteko bekak jaso dituzten musikari bizkaitarrek osatzen dute orkestra hori, eta urtero parte hartzen dute Ziortzako Kontzertuak zikloan, bakarlari ospetsuekin batera.
Azken egunean, Daniel Oiarzabal gasteiztarrak eskainiko du organo kontzertua, eguerdian. Antzinako musika zikloa amaitzeko, Donductus Esemble eta Andoni Sierra zuendari donostiarraren eskutik, Juan Antxieta konpositore eta abade azpeitiarra gogoratuko dute. 500 urte igaro dira zendu zenetik, eta “omenaldi txiki bat” eskaintzeko eta bera gogoratzeko kontzertu berezia prestatu dute: “Polifonia erlijioso eta profanoaren adierazlerik handienetako bat izan zen XV. mendearen amaieratik XVI. mendearen hasierara arte. Isabel Katolikoaren musika kaperako maisu ere izan zen, eta erregina hil ondoren, Joana Eroaren zerbitzura igaro zen. Gortearekin bidaiatzeko betebeharra zuen”.
Kartela. Antzinako musika zikloaren irudia sortzeko urtero artista bat aukeratzen dute, eta aurtengo kartela Ana RiaƱo bilbotarrak egin du: “Ezin ditugu ahaztu Arte Ederretako artistak eta kartelaren diseinuan urtero duten inplikazioa, originalen bilduma txiki bat eta guzti baitugu”. Ziortzako Kontzertuak Kultur Elkartekoek zikloa antolatzeko izan duten laguntza eskertu dute: “Ziortzako fraileen, udalaren, aldundiaren, BBK Fundazioaren eta Barandiaren Fundazioaren lanari eta laguntzari esker programa aurrera ateratzen dugu”. Hasiera-hasieratik ikusleen eta musikarien “inplikazioa” izan dutela gogoratu dute, “eta hori erabakigarria izan da azken urteotan fraileekin hartutako konpromisoa bultzatzeko”.
EGITARAUA:
- Irailak 9, zapatua
- 18:00. Les Sacqueboutiers. Ensemble de Cuivres Anciens de Toulouse
- Irailak 10, domeka
- 13:00. Yasuko Uyama Boubard (organoa)
- 18:00. La Grande Chapelle. (Albert Recasens zuzendaria)
- Irailak 16, zapatua
- 18:00. Popitia sydera Orkestra eta Roberta Mameli sopranoa
- Irailak 17, domeka
- 13:00. Daniel Oiarzabal (organoa)
- 18:00. Conductus Ensemble (Andoni Sierra zuzendaria)