Aurrerak denboraldiko lehen partida etxean jokatuko du
Athletic Club taldeak antolatutako Euskal Non-League Day ekimena hartuko du Zaldupek zapatuan [irailak 9]. Zozketa bereziak egingo dituzte.

Ondarroako Aurrera Kirol Elkarteak zapatuan [irailak 9] jokatuko du denboraldiko lehenengo partida Zaldupen, 17:00etan, Anaitasunaren aurka. Hirugarren mailako taldeak Loren Barbado entrenatzailearen esanetan abiatuko du denboraldia.
Gainera, egun aproposa izango da Zaldupera hurbiltzeko, Athletic Club taldeak antolatzen duen Euskal Non-League Day ekimena hartuko baitu Zaldupek: herriko futbola babesteko helburua duen ekimena. Oinarrizko futbola aitortu eta zelaietara joatea sustatzeko asmoz.
Zozketa bereziak egingo dituzte, zehazki, hiru zozketa egingo dira, ohi legez, partidaren etenaldian: Athleticeko gizonezkoen lehen taldearen kamiseta bat, emakumezkoen lehen taldearen kamiseta bat eta Athletic Club eta Cadizen arteko partidarako bi VIP sarrera. “Athletic taldeko ordezkari bat etorriko da sari banaketa egitera”. Zozketarako txartelak egun osoan egongo dira salgai Zaldupen.
Asteburu honetan Zaldupek hartuko du ekimena, baina Bizkaiko zelai ezberdinetan egingo dela adierazi dute. Klubek diru bilketaren zati bat udalerriko erakunde sozial edo kulturaletara bideratuko dute. Aurreraren kasuan Danonartin Elkarteari bideratuko zaio jasotakoaren erdia.