Ispaster, mendizaleak hartzeko prest
Hiru ibilbide edukiko ditu Ispasterko X. Mendi Martxak. Gaur-gaurkoz, 220 lagun inguruk izena eman dute.
Datorren domekan [irailak 10], Ispasterko X. Mendi Martxa egingo dute. Ibilbide luzea, laburra eta BTTkoa edukiko dituzte eskuragarri mendizaleek, eta, antolakuntzatik azaldu dutenaren arabera, “mendian ibiltzen diren guztientzat prestatutako egitaraua” atondu dute aurten. Internet bidez aurretiaz izena emateko epea zarratuta dago gaur-gaurkoz, baina egunean bertan ere egin ahalko dute animatzen direnek. 14 urtetik beherakoek 12 euro ordaindu beharko dituzte; 14 urte baino gehiago dituztenek, ostera, 17 euro.
Momentuz, 220 lagun inguru daude izena emanda; antolatzaileak “oso asebeteta” agertu dira kopuru horregaz. “Geure helburu nagusia ez da inondik inora parte hartzaile kopuru jakin batera ailegatzea, bertaratzen direnek egunaz, ibilbideez eta giroaz ahal bezainbeste gozatzea baino”, azaldu dute. Hiru ibilbideak, argitu dutenez, Ispasterko herri eremu barruan egingo dituzte oso-osorik. Martxa luzeak 18 kilometro edukiko ditu, hau da, joandako urteetan baino hiruzpalau gutxiago: “Laburxeagoa izan dadin prestatu dugu; horrez gain GR ibilbideko zenbait puntu esanguratsu ditu ibilbidean, hala nola, txondorra edota herriko baserri zaharrak.
BTT ibilbidea herrian inauguratu berri duten XC zirkuitutik igaroko da
Ibilbide laburrak, 8 kilometrokoak, luzearen hasiera berbera izango du, baina, laugarren kilometro inguruan, saihesbide bat hartuko dute martxalariek, atzera herrigunera eroango dituena. 31 kilometroko mendi bizikleta ibilbidearen diseinua, antolatzaileen berbetan, Ispasterko txirrindulari taldearen esku utzi dute. Hain zuzen ere, oraintsu inauguratu dute herrian XC zirkuitua, eta, hortaz, domekako ibilbide hasieran bira bat egingo dute bertan.
Helmugan, parte hartzaileentzako jana eta edana egongo da, eta zozketa ere egingo dute
Beroari aurre eginez. Ibilbide luzeak anoa postu likido eta solido bi edukiko dituela azaldu dute antolatzaileek. Edozelan ere, domekarako iragarrita dauden tenperatu altuak tarteko, postu gehigarri bi ipintzea erabaki dute, ura banatzeko. Kirolaz eta naturaz gozarazteaz gain, parte hartzaileek eguna lagunartean eta jai giroan pasatzea bilatuko dute. Hori dela eta, helmuga eremuan guztientzako jana eta edana egongo direla aurreratu dute. Era berean, Arropain erretegian petsona birentzako bazkaria zozkatuko dute.