Lekeitiarrek elkarretaratzean salatu dituzte San Antolin jaietako erasoak
Atzo [irailak 7] 20:00etan Txosna Batzordeak egindako deialdira herritar asko hurbildu ziren.
Hain zuzen ere, Lekeitioko Udalak ere bat egin zuen Txosna Batzordeak deituriko elkarretaratzeagaz atzo [irailak 7], Abadeen Moilan. Bertan, herritar askok San Antolin jaietako erasoak salatu zituzten.
Emakumeek hartu zuten hitza: “Beste behin ere kalera atera beharra izan dugu. Beste behin ere salatu beharra dugu. Jaiak ez dira izaten ari jaia eta barreak guztiontzako, ez behintzat kolektibo zapalduentzako. Zortzi eraso salatu ziren Antzar Egunean eta irainak, ukituak edota jipoiak, horiek salatutako erasoak bakarrik ez dira”.
Esan zutenez, “zoritxarrez” beste asko izango dira eman ziren erasoak jaietan eta ez jaietan bakarrik, “hau eguneroko ogia da batzuentzako”. Egoera “jasanezina” dela nabarmendu zuten: “Gutako bakoitzarena da ardura, eraso bat ikusi edo jasaten baduzu salatu!”.