Giro apartean ospatu dituzte Samikolla auzoko jaiak
Antolatzaileek jaien balorazio positiboa egin dute. Aurten sukaldariei egin diote omenaldia.
Familia eta lagunekin jai giroan egoteko aitzakia behar ez eta, eguraldia lagun izatean, egun biribila atera daiteke. Horrela gertatu da Mutrikuko Samikolla auzoan. Auzotarrak gogotsu zeuden eta giroa nabari zen. Goizetik hasi eta gauerainoko egitarauari heldu, eta erantzun ederra izan zuen. “Jende asko ibili da eta ondo erantzun dugu, hortaz, balorazio oso positiboa egiten dugu”.
Erraldoi eta buruhandien konpartsaren kalejirarekin abiatu zuten eguna, Goiko Plazatik irten eta auzoraino kalejiran joan ziren herri guztia girotuz. Kalejira Samikollara ailegatzearekin batera, txosna zabaldu eta brindisa egin zuten. Txikienak, aukerarik galdu gabe jo eta ke aritu ziren puzgarrietan jolasten.
Gerizpea bilatuagaz, 70 lagun baino gehiago batu ziren auzoko bazkarian. Arratsaldean, berriz, Ibiri baserriko abereekin jolasean aritzeko tartea izan zuten gazteenek. Gaua, berriz, musika bilakatu zen protagonista: Txalainak, Belarri Fuckers eta DJ Urgozoren txanda izan baitzen.
Domekan, berriz, auzotarren une hunkigarrienari heldu zioten, urtero egin ohi den omenaldiagaz; aurten, sukaldean, txorizoak egin eta banatzen egoten direnei aitortu zieten merezitako errekonozimendua. Bakoitzari amantal bana banatu zieten, eta bertso bat eskainiz, une hunkigarri bat bizi izan zuten auzotarrek.
Auzo honetan beti izan da
Makina bat zerbitzari
Asmo onenez,kexatu gutxi
Ta lana egin ugari
Hemen badugu amantal bana
Gaur jazteko bakoitzari
Eskertza gisa bihotz bihotzez
Urteetako lanari
Aurtengoa, gainera, azkenengo omenaldia izan zen: “Omenaldiak egitearen ibilbideari amaiera emateko unea heldu dela uste dugu, gutxienez, tarte bat ematea”. Datorren urtera begira hobekuntza eta berrikuntzak ezartzeko gogoa adierazi dute auzotarrek: “Jende asko ibili da, batez ere gauean. Gainera, euriaren beldur ginen eta zuzenean erabaki bat hartu eta karpa bat jarri genuen. Ekintzak oso ondo joan dira eta ezerk ez du hutsik egin, hortaz, ondo joan dira jaiak”.