Ia 300 mendizale elkartu ditu Ispasterko X. Mendi Martxak
Mendi martxa luzea, laburra eta BTT martxa egin dituzte. Bai parte hartzaileak, bai antolatzaileak oso asebeteta geratu dira aurtengo ekitaldiagaz.
Iragan domekan [irailak 10], Ispasterko X. Mendi Martxa egin zuten. 274 parte hartzaile bildu ziren herriko plazan, 08:30etik aurrera, ibilbideei ekiteko. Herriko mugetan barrena aritu ziren martxalariak. Eguraldiak lagundu arren, beroa eduki zuten; beraz, antolatzaileek anoa postu gehigarri bat ipini zuten, edariagaz.
Oinezkoek hemezortzi kilometroko martxa luzea eta zortzi kilometroko laburra egin zituzten, eta mendi txirrindulariek, aldiz, 31koa. Amaieran, mokadua jateko elkartu ziren, plazan bertan. Ziklistak, bestalde, herrian inauguratu berri duten XC zirkuitutik pasatu ziren, mendi ibilbidearen lehenengo zatian.
Antolakuntzatik “oso pozik” agertu dira, eta hiru martxen irakurketa “bikaina” egin dute: “Behin ibilbideak amaituta, inkesta bat egin zuten parte hartzaileek, eta batez besteko bederatzi bateko nota ipini diote egitarauari. Beraz, badago motiborik hurrengo urtean ere errepikatzeko”. Horrez gain, ekimena prestatzen aritutako herritarrei “eskerrik beroenak” eman dizkiete: “55 bat lagun aritu dira beharrean, inongo irabazi asmo barik; lan handia egin dute, eta pozgarria da dena bikain atera izana”.
Argazkiak: Ispasterko Udala (gehiago)