Egun osoko jaia antolatu du Ondarroako Yaalah Elkarteak
Elkartasuna oinarri zereginik ez da faltako zapatuan [irailak 16]. Bazkarirako txartelak salgai daude Alai eta Kuriken.

Elkartasunaren adierazle Ondarroako Yaalah Elkarteak bost urte bete ditu aurten; lankidetza, boluntariotza eta elkar laguntza oinarri izanik hamaika ekimen eta egitasmo martxan jarri dituzte bost urteko ibilbidean. Zapatuan [irailak 16] urteurrena ospatuko dute, nola ez, herritarrekin batera eta egun osoko egitarau oparoagaz.
Bost urte elkartasuna loratzen lelopean, egun osoko jaialdia antolatu dute; kultura eta gastronomia uztartuz, zereginik ez da faltako Ondarroan. 11:30ak emanaz batera, txistu hotsak entzungo dira portuan, Artelaneko erraldoiekin batera kalejira abiatuko baitute. Ostean, Musika Plazan ekitaldia eta ikurrinaren igoerari heltzeko. Une horretatik aurrera, jai giroak ez du etenik izango: frontoian puzgarriak egongo dira, DJ Elepunto musika jartzen ariko da eta Saharar Komunitatearen eskutik tea, jaima eta produktu sahararak egongo dira.
Eguerdian, mahai inguruan biltzeko unea izango da: elkartasun paella jana egingo dute Sahararen alde. Tikeak aurretiaz erosteko aukera egongo da Alai tabernan eta Kuriken, bost euroren truke. Hala ere, egunean bertan erosteko aukera egongo da Musika Plazan.
Ondoren, Xixiliren eskutik clown ikuskizunagaz gozatzeko aukera egongo da eta Txirrimorraskikoek haurrekin jolasteko txoko izango dute frontoian. Bitartean, Izarra eta Mirari trikitilariak jaia girotuko dute.
Egitaraua
- 11:30. Kalejira txistulariekin eta Artelaneko erraldoiekin, portutik aterata.
- Ostean. Ekitaldia eta ikurrin igoera, Musika Plazan.
- 12:00. Puzgarriak, frontoian.
- 12:00. Jaima, tea eta produktu Sahararrak, Saharar Komunitatearen eskutik, Musika Plazan.
- 12:30. DJ Elepunto, Musika Plazan.
- 14:30. Alternaria kontzertu akustikoa, Musika Plazan.
- 15:15. Clown ikuskizuna, Xixiliren eskutik.
- 16:00. Haurrentzako jolasak, Txirrimorraskirekin.
- 16:00. Izarra eta Mirari trikitilariak, jaia amaitu arte.