Udaletik galdetegi bat prestatu dute herritarren iritzia jasotzeko.
Markina-Xemeingo Udalak herriguneko puntu ilunak aztertzeko irteera antolatu du. Hitzordua irailaren 18an da 18:00etan eta ibilbidea udaletxe aurretik hasiko da.
Aurretik, berriz, udalak galdetegi bat zabaldu du herritarren “sentsazioak, ekarpenak zein proposamenak jasotzeko” helburuagaz. Horregatik, markina-xemeindarrei iradokizunak jartzeko gonbidapena luzatu diete. Bertan, askotariko galderak daude puntu arriskutsuen kokapena, ezaugarriak edo hauek hobetzeko proposamenak jartzeko aukera dago. Adibidez, argiztapen eskasa dagoen edo ez, ezkutalekuak eta ikuseremu urriak, leku bakartiak badiren egunez edo gauez, garbitasun falta edota babes edo irisgarritasun eskasa dagoen oinezko ibilbideetan.
Behin galdetegiko erantzunak jasota eta hauek aztertu eta gero egingo dute ibilbidea: “Herritarrekin batera puntu hauek bertatik bertara bisitatzeko”. Udaletik “oso garrantzitsutzat” jo dute udalerriko segurtasun urriko tokiak identifikatzea eta herritarren ekarpenak jasotzea.