Mutrikuarrak prest daude Galbaixo jaiei hasiera emateko
Gaur gauean Anaiarte Biltokiaren danborradarekin emango diote hasiera jaiei. Bost eguneko egitarau oparoa daukate aurretik: irailaren 24an ospatuko dute Galbaixotarren Eguna.

Mutrikuarren jai giroak ez dauka etenik irailean. Samikolla auzoko jaiak ospatu berritan, Galbaixo jaiekin jarraitzeko gogotsu daude. Gaur gauean, 22:30ak emanaz batera egingo dute eztanda jaiek. Nola ez, herriaren bereizgarri den ekimenarekin egingo du; eskuak astinduaz, herri oso bat hunkitzen duen danborradarekin, Anaiarte biltokiaren eskutik.
Jaiak abiatu eta aste osoan zereginik ez da faltako herrian: herri kirolak, marmitako lehiaketa, sokamuturra eta musika egongo dira tartean. Herritar guztiei begira antolatutako jaiak goi-goitik hasteko, Galbaixo Egunarekin hasiko dira ospakizunak bihar Galbaixoko ermitaren bueltan. “Urtero bezala, autobusak egongo dira Galbaixora joateko, 09:30etik 14:00etara bitartean”.
Tradizioari jarraituz, herri kirolak izango dira eguerdiko zeregin nagusia, zehazki, pentatloia: Aratz Mugertza Mugertza III, Xabier Zaldua, Karmele Gisasola Zelai, Uxue Ansorregi Ibiri eta Paulo Azpiazu. Bitartean, Ansorregi eta Andonegi trikitilariak jai giroa jartzeko ardura izango dute. Eguerdi osteko orduak ermitaren inguruetan pasata, jaiak herrigunean jarraituko du, sokamuturrarekin. Gauean Puro Relajo taldea oholtzaratuko da, jai giroarekin jarraitzeko.
Ohi legez, sukaldean hasiko dute Galbaixo Txiki Eguna mutrikuarrek, zehazki, Txoko Eder elkarteak antolatzen duen marmitako lehiaketako prestakuntza lanekin. Eguneko eskaintza oparoaren artean, uretako jolasez gozatzeko aukera egongo dela nabarmendu dute. Goizean zein arratsaldean, txirristadan aritzeko aukera egongo da Egañaneko frontoian. Goizean, gainera, buruhandi eta erraldoien kalejira, pottokak eta musika bandaren kontzertua egongo dira aukeran.
Miruaitzen urtero izaten dute hitzordua mutrikuarrek, eta aurten ez da gutxiago izango. Aurtengoa berezia izango da, Jose Antonio Egurbide Txato-ri omenaldi beroa eskainiko diote. Ondoren, Eñaut-Atain II/ Alex-Manzi partida lehiatuko dute. «Aurretiaz ez da sarrerarik erosi beharko».
Auzotarren eguna. Irailaren 16an, Piñastei Egunari helduko diote. Goizetik, Aizabia Elkartekoek sardina erreak, umeen jolasak eta jubilatuentzako hamaiketakoa eskainiko dute. Arratsaldean, sokamuturraren ondoren, kukaña eta uretako puzgarriak egongo dira. Gauean, berriz, Laket erromeriarekin jai giroan murgilduko dira.
Auzotarrentzat kutsu eta xarma berezia izaten duen eguna ospatuko dute irailaren 24an: Galbaixotarren Eguna. Mezarekin hasiko dute eguna, auzoetan hildakoen alde. Ondoren, Auzoko III. Argazki Zaharren erakusketa egingo dute ermitako atarian. Arratsaldean, berriz, Julen magoaren ikuskizuna egongo da ume eta gaztetxoentzat. Ondoren, azken urteetako formularekin jarraituta, ez da faltako Bola Txapelketa; hirugarrena izango da. Ibiriren pottokek eta umeentzako txokolatadak borobilduko dute eguna. “Jaien bukaeran errifa zozketa egingo da”.