Inguruko ekoizleak eta artisauak elkartuko ditu Nekazal Azokak
Lea-Artibai eta Busturialdeko ekoizleez gain, Euskal Herriko beste eremu batzuetakoak ere egongo dira. Elikagaiak nabarmendu arren, denetariko produktuak edukiko dituzte.
Ispasterrek Nekazal Azoka hartuko du datorren zapatuan [irailak 16]. Beste urte batez, Lea-Artibaiko, Busturialdeko nahiz inguruko nekazariak, abeltzainak, ekoizleak, sortzaileak zein artisauak elkartuko dira, goiz osoan zehar. Pandemiaren ondorioz formatu desberdinean egin ondoren, iaz bueltatu zen Ispasterko Nekazal Azoka bere ohiko itxurara, eta aurten ere horrelaxe egingo dute. Egitasmoari 11:00etan emango diote hasiera, orduan zabalduko baitute azoka eremua; amaiera, berriz, 14:00ak aldera izango da.
Ispasterko Udaleko antolakuntza lantaldetik argitu dutenaren arabera, 20 postu inguru egongo dira aurten. Denetariko produktuak salduko dituzte. Edozelan ere, tokiko generoa gailenduko dela adierazi dute. “Urtero-urtero egin ohi dugun legez, eskualdeko eta Ispaster inguruko ekoizleen aldeko apustua egingo dugu aurten ere; ortuariak, eztia, esnekiak, okela edota fruta nabarmenduko dira”, azaldu du Garbiñe Saenz de Buruaga alkateak. Horiez gain, bitxiak, egurra edota kosmetikoak lantzen dituzten artisauentzako plaza ere izango da Ispasterkoa.
Iaz, ingurukoez gain, Euskal Herriko beste txoko batzuetako ekoizleak ere egon ziren, esate baterako, Eibarkoak. Aurten ere eurentzat tokia izango dute. Ispasterrera bertaratzeko interes horrek, alkatearen ustez, azokak edukitako “urtez urteko konpromisoagaz” lotura du: “Duela urte askotatik egin dugu, eta ekoizleen, artisauen, nekazarien edota abeltzainen artean erreferentziazko data izan ohi da; hori dela, geroz eta gehiago dira hona etorri gura dutenak; gauza benetan pozgarria dela uste dugu udaletik”.
Jan-edana ere egongo da. Bestalde, antolatzaileek aurreratu dute janaria eta edaria banatuko dituen postu bat ere egongo dela, eta herritarrei bertan eskainiko dituzten «tokiko produktuez gozatzeko deia» luzatu diete.